Etxerat elkarteak agerraldia egin du gaur goizean, eta Espainiako Estatuari leporatu dio Rey Urmenetaren heriotzaren ardura. "Espainiako Estatuak mantentzen duen salbuespenezko espetxe politika suntsitzaileak dauka erantzukizun osoa". Etxerat-ek nabarmendu du bakartze eta urruntze egoerak "muturreko egoera" eragin diola presoari. "Sakabanaketa politikaren aldekoek zer esango dute haien ardura ukatzeko?", galdetu du Etxerat elkarteko Urtzi Errazkinek.
Rey Urmeneta euskal presoa atzo agertu zen hilik bere ziegan, Puerto III espetxean (Cadiz, Espainia). Iruñean jaioa zen Rey, 2008an atxilotu zuten, eta, geroztik, lehenengo graduan egon da. Efe berri agentziak emandako informazioaren arabera, ebakiak zituen besoetan. Espainiako Barne Ministerioaren iturriak aipatuz, "itxura guztien arabera" bere buruaz beste egin zuela zabaldu du. Haren familia Puerto IIIko espetxean izan da gaur, eta bihar iritsiko dira gorpuarekin Iruñera. 10:00etan harrera egingo dio ezker abertzaleak Donibane auzoko beilategian.
Gaur, hainbat mobilizazio egin dituzte heriotza salatzeko.
Ehundaka pertsona Donibaneko kontzentrazioan#AgurEtaOhoreAntxo#kalera#FreeThemAll#PresoakEtxerapic.twitter.com/JAs6m6GoiG
— Sortu Txantrea (@SortuTxantrea) 2018(e)ko martxoak 7
#AgurEtaOhoreAntxo 🌹 manifestazioa Gernika-Lumon.
— Paul (@paul_azg) 2018(e)ko martxoak 7
Espetxe politika kriminalaren aurrean, herria eta euskal preso politikoak #KALERA!#FreeThemAllpic.twitter.com/UGHpVgKRDt
Goizeko agerraldian, Etxerat-ek gogora ekarri du Puerto III espetxean etxetik 1.050 kilometrora zegoela Rey Urmeneta. "Horrek erabat zailtzen ditu euskal presoen bizi baldintzak", presoen senide elkartearen esanetan. Etxerat-ek "babes osoa eta elkartasuna" helarazi die Reyren senide eta gertukoei "une gogor hauetan", eta aukera baliatu dute "sakabanaketa zein euskal presoen aurka ezarritako gainerako salbuespen neurri krudelak" bertan behera gera daitezen exijitzeko.
Etxerat-en iritziz, Rey Urmenetaren heriotza eragotz zitekeen "salbuespen neurriak" bertan behera utziz gero, "baina ez dute nahi izan". Lehen graduaren aplikazioak bestelako espetxe politika batzuk garatzea galarazten duela salatu du elkarteak. "Are gehiago, espetxe bizitzari aurre egiteko oztopo eta debekuak sorrarazten ditu. Presoa giltzaperatzen dute. Isolamendua areagotu, deserrotzearen alde egin, muturreko egoerak eraginarazi eta etengabe mantendu", salatu du Errazkinek.
@EtxeratElkartea: Lehen graduaren aplikazio sistematikoak espetxe legedian aurrerapausorik lortzeko ate guztiak isten ditu” @berriapic.twitter.com/vmTCqqkoTL
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) 2018(e)ko martxoak 7
Iragan udan Kepa del Hoyo hil zen espetxean bihotzekoak jota, eta hala ere, ez dela ezer aldatu salatu du Etxerat-ek. "Ezin dugu gehiago itxaron, Xabierren heriotza ekidin zitekeen". Errazkinen hitzetan, euskal gizarteak "ezin du beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean". Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialetik "bide orri bateratu bat" osatzera dei egin die "presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian".
Erronka honi aurre egiteko konpromisoa, ausardia eta adorea eskatzen dugu. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean pic.twitter.com/h9zINXqKam
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) 2018(e)ko martxoak 7
Rey Urmenetaren senideek, hamar urtez, hura bisitatzera joan diren bakoitzean ehunka kilometro egin behar izan ondoren berriz ere mila kilometro baino gehiago egin beharko dituztela nabarmendu du Etxerat-ek; oraingoan, senidearen gorpua jasotzeko. "Ez al da krudela?", galdetu du.
Reyren heriotzaren berri jakin bezain pronto, atzo iluntzean, EH Bilduk, Sortuk, Sarek, Ernaik eta beste zenbait elkarte eta erakundek mezuak igorri zituzten sare sozialetara, euskal presoaren heriotza deitoratzeko. Sortuk agerraldia egin du, eguerdian, eta manifestaziora deitu du larunbaterako.
[youtube]https://youtu.be/nng88TlIz0c[/youtube]
Torturak salatu zituen
Xabier Rey Urmeneta Antxo-k 38 urte zituen, eta 2008ko urrian atxilotu zuten, beste hiru lagunekin batera, ETAren Hego Haizea komandoko kide izatea leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskak zuzendutako operazio batean. Reyk eta beste bi atxilotuk salatu zuten torturak jasan zituztela polizia etxean inkomunikatuta egon ziren bitartean. Grande-Marlaskak uko egin zion torturak saihesteko protokoloa ezartzeari, horretarako eskabidea egin zioten arren. Lau atxilotuak 2010ean epaitu zituzten, eta, 2011ko martxoan, 26na urteko kartzela zigorra ezarri zieten Reyri eta Aurken Solari. Beste bi akusatuak, Araitz Amatria eta Sergio Boada, errugabetu egin zituzten.
2017ko apirilean, Reyk eta Manex Castro Zabaleta presoak, bi-biak Puerto III espetxean zeudela, gutun bat argitaratu zuten BERRIAn, Arantza Zulueta abokatuak kartzela horretan egon zen bitartean pairatu behar izan zuen egoera salatzeko. Beste hamabi euskal preso daude Puerto IIIn eta hamar Puerto Ien.
Hamasei preso hilik
EPKK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arabera, orain arte hamasei preso hil dira espetxean; horietatik zazpi gaixotasunen ondorioz edo osasun arazo batengatik, eta beste bederatzi beren buruaz beste eginda agertu ziren. Beste hamar preso ere hil ziren askatasuna berreskuratu edo baldintzapean aske geratu eta gutxira, espetxean hartutako gaixotasun edo osasun arazoengatik.
[youtube]https://youtu.be/5tdCX-MDp30[/youtube]