politika

Espainiako Estatuaren Abokatuak alkatea kentzeko eskatu dio Hernaniko Udalari

Marian Beitialarrangoitiari ekainean zazpi urteko inhabilitazio zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak, Igor Portu eta Mattin Sarasola ustezko torturatuei "maite zaituztegu!" esateagatik "terrorismoa goratu" zuelakoan. Udalak alkatea ez badu kentzen, "Estatuak neurri legalak har ditzake".

2009ko urriaren 1a
13:32
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak ekainean Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateari (Gipuzkoa) zazpi urteko inhabilitazio zigorra jarri ziola-eta, alkatea postutik kentzeko eskatu dio gaur Espainiako Estatuaren Abokatuak herriko Udalari, "zigorra eta alkatea karguan egotea bateraezinak direlako. Udalak ez badu hala egiten, neurri legalak har ditzakegu", esan du Estatuaren Abokatuak.

EAE-ANVtik aurkeztu zen Beitialarrangoitia 2007ko udal hauteskundeetan, eta hamazazpi udal ordezkarietatik zortzi lortu zituzten. Ordutik dago alkatetzan hura. 2008ko irailean Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo jo zuen ANV. Dena dela, Estatuaren Abokatuak, oraingoz behintzat, ez du zehaztu ANVko zerrenda hartako beste kideren jar daitekeen alkatetzan.

"Igor Portu, Mattin Sarasola eta Espainia eta Frantzian zehar sakabanatuta dauden preso politiko guztiak: maite zaituztegu!" esateagatik zigortu zuen Beitialarrangoitia Auzitegi Nazionalak, euskal presoei maitasuna adieraztea "terrorismoa goratzea" delakoan. Urtebeteko espetxe zigorra ere jarri zion -ez zuten kartzelara bidali, zigorra bi urtekoa baino laburragoa izateagatik-.

Zazpi urteko inhabilitazioak ere ez dio eragin, oraingoz. Izan ere, zigorra ez da behin betikoa, eta ez da indarrean jarriko hala izan arte.

Espainiako Kongresurako hauteskunde kanpainan EAE-ANVk Iruñean Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian esan zituen hitzok Beitialarrangoitiak. Astebete lehenago atxilotu zituen Portu eta Sarasola Guardia Zibilak. Sarasola erietxera eraman zuten tortura zantzu nabarmenak zituela, eta Portuk ere tortura salaketa jarri zuen. Hernaniko alkateak epaiketan azaldu zuen tortura salaketa egin nahi zuela hitz haiekin, "tristura eta ezina" azaldu nahi zituela, eta bi haiei "animoak" ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.