Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igarota, gaur hasi dira zenbatzen Espainiako Estatutik kanpoko botoa. Horretan ere PSN izan da garaile Nafarroan; 671 boto eskuratu ditu, eta bigarren indarrak —PPk—, 641. UPN izan da hirugarrena, 410 boto jasota. Espainiako Estatutik kanpoko boto emaileek ez dute aldatu igandeko emaitzek utzitako eserleku banaketa: bi eskuratu zituen PSNk, eta bana EH Bilduk, PPk eta UPNk.
Igandean, EH Bildu izan zen Nafarroako bigarren indarra, baina Espainiako Estatutik kanpoko botoen artean bosgarrena izan da, 261 eskuratuta. Aurretik du Sumar, 330 botorekin. Voxek, berriz, 234 lortu ditu, eta Geroa Baik 102. Segidan daude PACMA (39), Bidezko Mundurantz (28), Frente Obrero (9) eta Langileen Alderdi Komunista (7).