Espainiako Gobernua eratzeko egutegia hasi da

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, bi bide ireki dira: irailaren 8rako Espainiako Gobernua eratuta izatea edo Gabonetarako hauteskundeetara deitzea.

Espainiako Diputatuen Kongresua. J.J. GUILLéN
Sara Iriarte Lasa
2023ko uztailaren 24a
16:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, hurrengo lau urteetan aginduko duen gobernua eratzeko egutegia hasi da. Hauek dira prozesuaren data nagusiak:

Abuztuaren 17an, Espainiako Kongresua eta Senatua eratuko dira. Parlamentariek ganberetako lehendakariak eta mahaiak aukeratuko dituzte. Astearte horretan bertan, kongresuko lehendakaria Felipe Borboikoa Espainiako erregearengana joango da, eratutako kongresu eta senatuaren berri emateko.

Abuztuaren 21eko astean, kongresuaren osaerari buruzko informazioa jaso ondoren, Espainiako estatuburuak talde guztietako ordezkariak deituko ditu, inbestidura saioari begira zein hautagai proposatuko duen erabakitzeko.

Abuztuaren 24aren inguruan bukatuko da kongresuan talde parlamentarioak osatzeko bost eguneko epea.

Iraileko lehen astean, behin parlamentuko taldeak eta Bozeramaileen Batzordea eratuta, osoko bilkuretarako deia egiten ahalko da. Hautagairen baten inguruan babes nahikoa balego, inbestidura eztabaida garai horretan egin liteke; abuztuaren amaieran edo iraileko lehen astean. Hortik aurrera, presidentegaiak bi aukera izango ditu: lehenengo bozketan gehiengo absolutua lortzea (176 diputatu) edo, bigarrenean, lehenengotik 48 ordu igaro eta gero, gehiengo soil bat eskuratzea —alegia, aldeko boto gehiago jasotzea kontrakoak baino—.

Lehen inbestidura bozketa horren datak egutegia baldintzatu dezake; izan ere, inork behar adina babes lortu ezean, egun horretatik aurrera bi hilabeteko epea izango dute hautagairen batek presidentetza lortzeko. Epe hori igarota inork ez badu behar adina babes eskuratzen, gorteak desegin egingo dira, eta 47 egun igaro ondoren berriro egin beharko dira hauteskundeak. Gutxi gorabehera, abendu-urtarrilean lirateke hauteskundeak, Gabon ingururako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.