Arrantza

Espainiako Gobernuak antxoagatik hitzemandako dirulaguntzak erabat murriztu dituela salatu dute arrantzaleek

Antxoa eskasiagatik sortutako auzian eguneko 85 euroko laguntzak agindu zizkien Espainiako Gobernuak arrantzaleei. Orain, ordea, ordaintzeko sasoia iritsi denean, 20 eurora murriztu du kopuru hori, eta zenbait kasutan 2 euro eta erdira. Jaime Tejedor Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidenteak egin du salaketa.

2006ko abuztuaren 29a
18:32
Entzun
"Gobernu zentrala manipulazioa, engainua eta toxikazioa erabiltzen ari da antxoaren kosterako galeren inguruan", kritikatu du Tejedorrek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioko buruzagiek eguneko 85 euroko laguntza agindu zietela agertu du Tejedorrek; eurei ez ezik, jendaurrean ere kopuru hori aipatu dutela behin eta berriz. "Antxoaren arrantzaldikoan, harrapaketarik ez zegoenean, dena ziren promesak eta hitz ederrak. Eguneko 85 euro agindu zizkiguten". Iragarpen hori Alberto Lopez Arrantzarako zuzendari nagusiak egin zuela erantsi du. "Hemeroteketan begiratzea besterik ez dago, han egongo da jasota", azpimarratu du.

Orain, ordea, laguntzak jasotzeko garaia heldu denean, laguntzen gehieneko muga 45 eurotan ezarri du Espainiako Gobernuak, eta Tejedorrek agertu duenez, Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleek betetzen dituzten baldintzak aintzat hartuta, "kasurik onenetan" 20 euro jasoko dituzte. "Batzuei eguneko bi euro eta erdi baino ez zaizkie tokatuko".

Arrantzaleekin ez ezik, Espainiako Gobernuak autonomi erkidegoekin izan duen jarrera ere kritikatu du Tejedorrek. Eman duen azalpenaren arabera, autonomi erkidegoetako gobernuek ez dute inolako negoziaziotan parte hartzeko aukerarik izan, baina orain, ordaintzeko unea iritsi denean, gastuaren parte bat beren gain hartzeko eskatu die Madrilek. Horrez gain, Jaurlaritzak Europako negoziazioetan zeresanik ez duela salatu du, eta guztia Espainiaren eta Frantziaren interes negoziazioetara mugatzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.