Espainiako Gobernuak beste lau euskal preso gerturatuko ditu

Mikel Orbegozo, Xabier Tximeno, Igor Gonzalez Sola eta Gorka Fraile Iturralde dira lekualdatuko dituenak; azken horrek gaixotasun larria dauka

Orain Presoak dinamikak deitutako manifestazioa, urriaren 20an. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuak beste lau euskal preso gerturatuko ditu: Mikel Orbegozo, Xabier Tximeno, Igor Gonzalez Sola eta Gorka Fraile Iturralde. Lehen gradutik bigarrengora pasatzeko eskatua dute lau horiek, beste ia ehun euskal presok bezala, eta Barne Ministerioak uste du espetxe legediaren onarpena adierazi nahi duela urrats horrek.

Orbegozo Badajozko espetxetik (Espainia; Altsasutik 905 kilometrora) Valladolidera (Espainia, 283 km) eramango dute. Hamabi urteko kartzela zigorraren hiru laurdenak 2015ean bete zituen, eta Efe berri agentziak dio uko egin diola indarkeria erabiltzeari.

Tximeno Villenatik (Alacant, Herrialde Katalanak, 660 km) Burgosera (Espainia, 180 km) lekualdatuko dute. 30 urteko zigorra du. Espetxeetako Instituzioen arabera, aitortu du eragindako mina eta biktimak erreparatzeko jarrera dauka. Gainera, nabarmendu dute ez duela indakeria berriro erabiltzeko asmorik.

Gonzalez Sola Valdemorotik (Madril, 420 km) Soriara (Espainia, 230 km) eramango dutela jakinarazi dute berri agentziek. 2005ean sartu zuten preso, 20 urteko kondena betetzeko. 2020an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Fraile Iturralde, Badajoztik Duesora (Kantabria, Espainia, 140 km) eramango dute. 1998an espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra du. Gaixotasun larria dauka: kartzinoma epidermoidea.

Orbegozo, Tximeno eta Fraile Iturralde EPPK-ko kideak dira. Gonzalez Solak duela gutxi utzi egin zuen kolektiboa.

Espainiako gobernu berriaren aginduz, orain arte sei euskal preso gerturatu dituzte: Kepa Arronategi, Marta Igarriz, Jesus Maria Gomez, Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Emilio Salaberria, EPPK-koak denak. Euskal Herriratu, hiru: Olga Sanz, Xabier Moreno eta Alfredo Remirez. Sanz eta Moreno ez daude inongo mugimendutan; Remirez (EPPK), duela aste batzuetatik aske da.

GRAPOko galiziar bat

Fernando Silva Sande GRAPOko presoa Soto del Realetik (Madril, Espainia) bere herrialdeko kartzela batera eramango dute: Curtisera (Coruña, Galizia). Carnotakoa (Coruña) Silva Sande. Jesus Merino del Viejo GRAPOko beste preso bati, aldiz, hirugarren gradua emango diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.