Espainiako Gobernuak bilera sail bat hasiko du

PPko iturriek jakinarazi dutenez, Lopezekin eta Urkullurekin bilduko da Raxoi, egoera politiko berria aztertzeko

Agentziak
Madril
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroa Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin bilduko da egun batzuk barru, PPko iturriek jakinarazi dutenez, ETAk borroka armatua utzi ondoren sortu den egoeraz mintzatzeko. Iturri horiek Efe berri agentziari azaldu diotenez, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak ere bilera sail bat hasiko du otsailean, eta Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin elkarrizketatuko da. Iturri horien arabera, bi euskal politikariak Madrilen hartuko ditu Raxoik, lehenengo Lopez eta gero Urkullu.

Bilera horien harira, ezker abertzaleak adierazi du elkarrizketa politikoak alderdi guztien parte hartzearekin eta bazterketarik gabe egin behar direla. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak azaldu duenez, elkarrizketa politikoa eta akordioa dira gatazka politikoa konpontzeko «bide bakarrak»; gaineratu du, halaber, konponbidea «eraginkorra eta benetakoa izan dadin» nahitaezkoa dela elkarrizketa eta akordioa Euskal Herriko indar politiko guztiekin egitea, «betorik eta bazterketarik gabe».

Ugartebururen arabera, elkarrizketak hasteko baldintzak badaude. Hori hala, PPri eskatu dio normalizazio politikoan aurrera egiteko «premiazkoak» diren neurriak hartzeko: «batetik, eragile politiko guztien legeztapena, jarduera politikoen kriminalizazioari eta jazarpenari amaiera emanez, eta, bestetik, euskal preso politikoen eskubide guztien errespetuan oinarritutako neurriak hartzea».

Gobernuaren ordezkariak

Espainiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen nortzuk izango diren agintaldi honetan bere ordezkariak Hego Euskal Herrian: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Carlos Urkijo PPko eusko legebiltzarkideak beteko du kargua, eta Nafarroan, Carmen Albak, Iruñeko zinegotzia izandakoak.

Urkijok ia hogei urte egin dituEusko Legebiltzarrean. Juan Jose Ibarretxe lehendakari izan zen garaian bete zituen ardura nagusienak, Maria San Gil eta Jaime Mayor Orejaren aginduetara.

Alba, berriz, ETAk 1987an hil zuen militar baten alaba da, eta PPNren sortzaileetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.