Espainiako Ministroen Kontseiluak bizkartzain kopurua murrizteko erabakia hartu du, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren proposamena ontzat emanda. Berri agentziek jakinarazi dutenez, ETAk jardun armatua bertan behera uzteko hartutako erabakiaren inguruan eta egoera ekonomiko txarrak eskatzen duen zorroztasunari erantzunez erabaki du «bizkartzainak berrantolatzeko plana» martxan jartzea. Gobernuko iturriak aipatuta berri agentziek adierazi dutenez, egun babesa jasotzen duten pertsonen kasuak banan-banan aztertuta erabakiko du babesa nori kendu.
Urtero, dirutza
Europa osoan bizkartzain gehien duen estatua da Espainiakoa. Polizia iturriek azaldu dutenez, 1.600 pertsona zaintzen dituzte estatuko segurtasun indarrek, eta 160 milioi euro xahutzen dira horretan, urtero. 2.650 polizia eta guardia zibil aritzen dira zaintza lan horietan. Gainera, segurtasun indarretakoak dira gizazain lanetan aritzen diren horiek, baina enpresa pribatuetako eskoltak ere gehitu behar zaizkie, eta, horri buruzko daturik eman ez duten arren, asko dira horiek. Euskal Herrian, bizkartzain gehien-gehienak dira enpresa pribatuetakoak. Horiek guztiek sortzen duten kostu ekonomikoa estatuko Barne Idazkaritzak ordaintzen du, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen kasuan, Eusko Jaurlaritzak ere ordaintzen du zati bat.
Eusko Jaurlaritzak ere bai
Espainiako Gobernuaren erabakiaren aurretik etorri zen Eusko Jaurlaritzarena. Patxi Lopez lehendakariak aurreko ostiralean jakinarazi zuen bizkartzain kopurua murriztuko zuela, eta, igandetik, Jaurlaritzako sailburuordeek ez dute zaintzailerik. Orain, lehendakariak eta hamar sailburuek soilik dute eskolta Eusko Jaurlaritzan, eta Ertzaintzaren esku dago horien zaintza lana.
Lehendakariaren erabakia ez da izan guztien gustukoa. PPk kritikatu egin zuen neurria, jakin bezain laster. Bizkartzain pribatuak, berriz, haserretu egin ziren. Lanpostu galera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten hainbat eskolta pribatuk asteazkenean, Jaurlaritza aurrean. Asteartean Espainiako Barne ministroa Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarekin Gasteizen bilduko dela-eta, errepikatu egingo dute protesta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ETAk mehatxatutako pertsonak zaintzen 2.000 bat bizkartzain pribatu aritzen zirela azaldu zuten, eta egiten ari diren murrizketen ondorioz udarako 1.400 gutxiago egongo direla aurreikusten dutela.
«ETAren mehatxuagatik babesteko» zainketa gehienak egiten dituzte enpresa pribatuetako eskoltek: epailetza munduko pertsona, politikari, hautetsi eta enpresarienak, batik bat.
Espainiako Gobernuak bizkartzain kopurua murriztea erabaki du
Europan bizkartzain gehien duen estatua da Espainiakoa; 2.650 polizia ari dira lan horretan, eta eskolta pribatu asko eta askoETAren erabakiaren ondoren, «egoera berrira egokitzeko» neurria da murrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu