Elizaren abusuen biktimei kalte ordaina emateko plana onartu du Espainiako Gobernuak

Ez dute zehaztu kalte ordainak nola eta nork ordainduko dituen, eta Elizak jada ziurtatu du ez duela dirurik jarriko.

Luis Argüello Espainiako Apezpiku Batzarreko presidentea eta Felix Bolaños ministroa, bilera batean. EFE
Luis Arguello Espainiako Apezpiku Batzarreko presidentea eta Felix Bolaños ministroa, bilera batean. EFE
nerea intxausti
2024ko apirilaren 23a
17:00
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak Elizaren abusuen biktima direnei kalte ordaina emateko plana onartu du, preskribatu duten edo epaituak izan ez diren kasuetarako. Gobernuak adierazi du biktimekin duen «zorra kitatu» nahi duela. Hala ere, oraindik zehazteko dago nork ordainduko dituen kalte ordainak, eta zenbatekoak izango diren. 

Espainiako Arartekoak txosten bat aurkeztu zuen iazko urrian, Elizako kideek adingabeei egindako sexu abusuei buruz. Arartekoak txosten horretan egindako gomendioetan oinarritu dute plana. 2024 eta 2027 bitartean egongo da indarrean. Txosten horretarako inkesta bat egin zuten 8.000 herritarren artean, eta erantzun zutenen %1,13k adierazi zuten abusuak jasan zituztela Eliza katolikoaren inguruko eremuren batean —%0,6k apaiz edo erlijiosoren batek eginak—. Kopuru horiek Espainiako biztanleria helduari aplikatuta, ondorioztatu zuten 440.000 zirela Elizako kideren baten sexu abusuak jasan zituzten herritarrak.

«Asko dira, eta horrek zirrara eragin beharko liguke», adierazi du Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak. Bolañosek sinesgarritzat jo du inkestak estimatutako biktimen kopurua. Elizarentzat, aldiz, kopuru hori gehiegizkoa da, eta ukatu egin du.

Ministroek onartutako planak hainbat neurri ditu: batetik, erantzukizun zibilaren preskripzio epeak 35 urtera arte luzatzea; bestetik, biktimentzako laguntzak indartzea sexu askatasunaren berme integralari buruzko legearen bidez.

Elizak ez du ordainduko

Espainiako Gobernuak espero du Elizak bere gain hartuko dituela kalte ordainak, baina Espainiako Apezpiku Batzarrak gaur bertan uko egin dio ordaintzeari. Haien esanetan, planak ez ditu aintzat hartzen sexu abusuen biktima guztiak; erlijio eremuetan geraturikoak soilik hartzen ditu kontuan. Beraz, ezin du onartu, haren esanetan, «abusuen biktima gehienak» diskriminatzen dituen planik: «Ezin da onartu hamar biktimatik bederatzi kanpoan utziko lituzkeen erreparazio planik». 

Salatu du gobernuaren proposamenak arazoaren zati bati soilik aurre egiten diola, eta «ezkutatzen» duela «gizarte arazo oso handi bat». Are, ohar batean salatu du planak Eliza bere horretan kondenatzen duela, berme juridikorik gabe, eta publikoki eta diskriminatuki seinalatzen duela. Elizak esan du elkarlanean aritzeko prest dagoela sexu erasoen biktima direnak laguntzeko eta haiei erreparazioa emateko, betiere arazoari bere osotasunean heltzen bazaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.