Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute konferentzian parte hartuko

Ezker abertzalea, EAJ, EA, EB eta Alternatibak biltzarra txalotu dute, bakea lortzeko urrats garrantzitsua delakoan

Erredakzioa
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskal gatazkaren konponbidea sustatzeko Donostian egingo den nazioarteko konferentziak ez du inor oharkabe utzi, eta erreakzio soka luzea sortu du. Espainiako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio biltzarrari, hala ere. Ramon Jauregi Presidentzia ministroak esan Gobernua ez dutela gonbidatu biltzarrera, eta, beraz,ez duela parte hartuko. «Gobernuak ez du inolako zerikusirik konferentzia horrekin», adierazi du Jauregik. Gainera, ekimenari ez diotela garrantzirik ematen azpimarratu du, ETAren inguruko sektore politikoaren «antzezpena» delako.

Jauregiren irudiko, ETAren indarkeria bukatzeak izan behar du lehentasuna, eta ez da beharrezkoa konferentziak antolatzea edota egiaztatze batzordeak sortzea. «Espero dugun albiste bakarra da indarkeriaren behin betiko amaiera da. Hori iristen denean, aro berria zabalduko da».

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria Bruselan harrapatu du nazioarteko konferentziaren aurkezpenak. Biltzarrera ez dutela gonbidatu eta joateko asmorik ez duela esan du Lopezek. Azaldu duenez, datorren astean AEBetara egin asmo duen bidaia ofiziala ez du bertan behera utziko, eta hortaz, ez da Donostiako konferentzian izango. Lehendakariak ongietorria egin die «bakearen alde» eta «askatasun bidean aurrera egiteko» ematen diren pauso guztiei, baina zalantzan jarri du nazioarteko konferentzia antolatzearen helburua ez ote den «ezker abertzalearen munduari» propaganda egiteko erabiliko.

Ezker abertzaleak, berriz, «gatazka politikoari aterabidea emateko nazioarteko komunitateak agerturiko konpromisoa» txalotu egin du. Ezker abertzalearentzat, Euskal Herrian sorturiko egoera «egonkortzeko» oso urrats garrantzitsua da nazioarteko konferentzia antolatu izana, eta gatazka politiko eta armatuari «behin betiko aterabide konpartitu eta integrala» emateko prozesuan aurrera egiteko balioko du.

Gipuzkoako Aldundiak ere ekimena txalotu du, Larraitz Ugarte eledunaren ahotik. Gatazka armatua konpontzeko ez ezik, gatazka politikoa ere soluziobidean jartzeko balio dezake biltzarrak, Ugarteren aburuz.

EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak, berriz, «arduragabekeriatzat» jo du Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak biltzarrean parte hartzeari uko egin izana. Izan ere, biltzarrak indarkeria behin betiko amaitzen lagunduko duela uste du EAkoak.

EAJk ere begi onez hartu du biltzarra antolatu izana. Josu Erkoreka EAJko diputatuak adierazi du bake konferentzia «zedarri garrantzitsua» izango dela behin betiko bakea lortzeko. Erkorekaren iritziz, halako ekimenak «norabide zuzenean» doaz, eta EAJren babesa izango dute.

EBko koordinatzaile nagusi Mikel Aranaren iritziz, bake prozesua «atzeraezin» egiteko urrats berria da biltzarra. Hala, Euskal Herriko eragile guztiei parte hartzeko deia egin die Aranak. Alternatibako eledun Oskar Matutek ere bake konferentzia txalotu du eta Euskal Herriko bakea eta normalizazioa politikoa lortzeko «urrats erabakigarria» izatea espero duela esan du.

PPk, ostera, gogor kritikatu du Donostiako biltzarra,«atzean» ezker abertzalea dagoela iritzita. Ramon Gomez Donostiako udaleko eledunak salatu du hauteskundeetan botoak irabazteko ezker abertzaleak antolatutako «estrategia» dela biltzar hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.