Iragan astean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Nafarroako Gobernuak egin beharreko lanen ingurumen eraginaren adierazpenak ez direla jada indarrean. Espainiako Gobernua, baina, ez dago ados, eta ebazpenaren aurkako kasazio helegitea jarriko duela baieztatu dio Nafarroako Gobernuari, iragan astean azken horrek eskatu bezala. Sententzia ez da behin-behinekoa; horregatik, erabakia jakinarazi eta hamar eguneko epea dute helegiteak aurkezteko: irailaren 9an amaituko da —abuztuan ez dute lanik egingo—.
Espainiako Gobernuak adierazi duenez, lau dira ingurumen eraginaren adierazpenak, 1986an, 2006an, 2008an eta 2010ean egindakoak. 2004ko ingurumen eraginaren adierazpena egin zenean, helegitea jartzeko 1986ko dekretua zela indarrean zegoena indarrean, eta horretan ez zela iraungitze dataren inguruan ezer esaten. Horren ostean, 2006ko apirilean 1986koari artikulu bat aldatu, eta ingurumen eraginen adierazpenak bost urteko epean izango zirela indarrean zehaztu zuten, baina aldaketa horretan 2006aren aurretik onartutako ingurumen eraginaren adierazpenei buruz ez zuela ezer esaten arguditu du. 2008an ingurumen eraginaren adierazpenaren testua eraberritu zuten, baina baieztatu du horrek ere ez zuela zehazten "zer egin behar zen 2006aren aurreko adierazpenekin". Azken aldaketak, 2010ekoak, ingurumen eraginaren adierazpenek lege hori argitaratu eta hiru urteko epean izango zutela baliotasuna zehaztu zuen, adierazpena egin zen momentuko "oinarrizko elementuetan sakoneko aldaketarik izan ez bada". Azken horri eutsi dio Espainiako gobernuak ingurumen eraginaren adierazpenak iraungita ez daudela eusteko.
Iragan astean, Sustrai Erakuntzak Nafarroako AHTko obrak "berehala" gelditzeko eskatu zuen, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak obrak baimentzen zituen ingurumen eraginaren adierazpena iraungita zegoelako.