Espainiako Gobernuak urratsik egin gabe jarraitzen duela salatu dute

Ezker abertzaleak uste du Raxoik beldur diola konponbide jokalekuari, «Euskal Herriarentzako eskaintzarik ez duelako»Sei hilabete pasa dira ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik

jokin sagarzazu
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
ETAk bere jardueraren amaiera iragarri zuenetik sei hilabete igaro dira, eta Espainiako Gobernuak ez du urrats bakar bat ere egin euskal gatazkaren konponbide prozesuan. Ezker abertzaleak «blokeo» hitza erabili du Espainiako Gobernuaren jarrera definitzeko, eta «immobilismoa» Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek. Sei hilabeteotan ugaritu egin dira bai Euskal Herritik bai nazioartetik Mariano Raxoiren gobernuari egindako eskakizunak. Baina Espainiako Gobernuak bereari eutsi dio. «Legea, Zuzenbide Estatua eta ETAren erabateko desegitea» dira bere politikaren ardatzak, Raxoik berak azken egunetan berretsi duenez.

Latinoamerikan izan da Espainiako gobernuburua, eta Bogotatik (Kolonbia) egin dituen adierazpenetan eutsi egin dio sei hilabeteotan esandakoari. «ETA desegin arte eta desegite hori espainiarrei jakinarazi arte, beste guztia soberan dago», esan du. «Pausoak eman behar dituena ETA da. Estatuak egin behar duen gauza bakarra da legea ezartzea eta Zuzenbide Estatuko baliabideak ezartzea».

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ere eskatu du ETA «desegiteko», eta ezker abertzaleari mintzatu zaio. Indar politiko horri eskatu dio alde bakarreko pausoak ematen jarraitzeko. Espainiako Gobernuari, berriz, «egungo testuingurua aintzat hartzeko» eta hori «arduraz kudeatzeko».

Punto Radion eginiko elkarrizketa batean, Urkulluk nabarmendu du gisa honetako prozesuetan ohikoa dela «dena geldi» dagoen ustea zabaltzea, eta ohartarazi du ETAren amaiera prozesua «konplexua» izango dela, «urte luzeetako izugarrikeria ezin delako egun batetik bestera konpondu».

Ezker abertzaleak, berriz, gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, eta hari leporatu dio «bakea lortzeko aukera usteltzen uztea». Ezker abertzaleak uste du PPk «beldur» diola konponbide jokalekuari, Euskal Herriarentzako «etorkizuneko eskaintzarik» ez duelako. «Horregatik eusten dio eskubide urraketan eta indarkerian oinarrituriko estrategiari», esan du Maribi Ugarteburuk komunikabideetara igorritako ohar batean.

Antzera mintzatu da Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Donostian eginiko agerraldi batean. «Espainiako Estatua errotik ari da huts egiten blokeo politikari eutsita. Dagoeneko ez dago arrazoirik blokeo horri eusteko. Gizartean gero eta babes txikiagoa du», nabarmendu du. «Estatuak pausoak ematea baino ez da falta».

Ezker abertzalearen eta LABen iritzian, euskal gatazkari irtenbide demokratiko bat emateko ezinbestekoa da elkarrizketan eta akordioan oinarritutako prozesu bat garatzea. Horretarako bide orria Aieteko Adierazpena dela nabarmendu dute, eta txalotu egin dute herenegun Madrilen 500 eragile inguruk sinatutako agiria. Aieteko agiriaren bidean urratsak egiteko eskatu zioten eragile horiek Espainiako Gobernuari; besteak beste, presoak gerturatzeko, Sortu legeztatzeko eta ETArekin hitz egiteko.

Espainiako Gobernuak, baina,ez du begi onez hartu ekimena. «Gobernua estutu nahi dute», esan du Ignacio Ulloa Segurtasunerako estatu idazkariak ABC Punto Radion egindako elkarrizketa batean. Ulloaren arabera, «ezin da» ETArekin hitz egin, ETAko kideak ez direlako «solaskide zilegiak»; «demokraziaren arauak errespetatzen ez dituztelako». Estatu idazkariak azpimarratu duenez, ETA desegin arte «legeari zorrotz» jarraituko diogobernuak.

Mezua euskal presoei

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia, berriz, ETAko kideei eta, bereziki, euskal presoei mintzatu zaie, eta «legeak ezarritako baldintzak» betetzeko eskatu die, Langraizko bidea deiturikoari erreferentzia eginez. «Haiek dira urratsak egin behar dituztenak».

Horren harira, Estatuko Espetxeetako Zuzendaritzak jakinarazi du astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatuko diola baldintzapeko askatasuna emateko Jose Manuel Fernandez Perez de Nanclares presoari. Erakunde horrek azaldu duenez, «legeak ezarritako baldintzak» bete ditu Fernandezek; Langraizko bidea deiturikoa onartu du, ETAko kide izateari uko egin dio, eta damua agertu du. Fernandez Basauriko espetxean (Bizkaia) dago gaur egun. 20 urte egin ditu preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.