Paco Etxeberria auzitegi mediku, antropologo eta Aranzadi elkarteko presidentea aholkulari gisa arituko da Espainiako Gobernuarentzat, memoria historikoaren alorrean, hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez. Madrilek bihar du onartzekoa Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua, eta, bertzeak bertze, hobi komunak irekitzea dute asmoa hala egin ez duten lekuetan. Bide horretan aholkulari izanen dute Etxeberria.
Aurretik ere egina zuen lana Madrilek Etxeberriarekin: 2018ko azaroan fusilatuen hobiei buruzko txosten bat eskatu zion Espainiako Gobernuak, gorpuzkiak aurkitu, identifikatu eta hobitik ateratzeko egitasmoa prestatzeko.
Bide luzea egina du Etxeberriak memoria historikoaren alorrean, eta Euskal Herrian egindako desobiratze anitzetan parte hartu du, Aranzadi zientzia elkartearekin batera. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari da Aranzadi elkartea horretarako, bertzeak bertze. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Euskal Herrian gertaturiko tortura kasuei buruzko ikerketa mardulak ere eginak ditu Etxeberriak.