Noiz sortu zen kargua? Espainiako Estatuak egitura federala edo autonomikoa izan duenean baino ez da egon gobernuaren ordezkari kargua, bat autonomia erkidego bakoitzeko—1931ko eta 1978ko Espainiako Konstituzioetan dago jasota, baita 1936ko eta 1979ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako autonomia estatutuetan eta 1982ko Nafarroako foru hobekuntzan ere—. XIX. mendeko erregimen monarkikoan eta frankismo garaian gobernadore zibilak zeuden, bat probintzia bakoitzeko. Kargu hori ez zuten kendu diktadura amaitzean, eta bikoizketa horrek hainbat tirabira eragin zituen. Hala, 1997an, gobernadore zibilak kendu egin zituzten, eta ordezkariorde bihurtu.
Aurrekarik ba al du? Izenak izen, historia luzea dauka karguak: Nafarroan, 1512. urtetik, Gaztelako armadak konkistatu zuenetik. Bereganatutako beste lurraldeetan bezala —Amerikan, adibidez— erregeorde bat izendatzen zuen Espainiako erregeak Nafarroan. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, korrejidoreak jartzen zituen, Espainiako Erreinuko mugako lurralde garrantzitsuenetan bezala —Araban ez zegoen korrejidorerik—. Batzuek zein besteek botere handia zuten, haien esku geratzen baitziren, besteak beste, justizia, polizia, zerga, gerra, merkataritza eta lan publikoen eskumenak. Tokiko agintariek baino botere handiagoa zuten, eta gehiegikeria handiak egin zituzten, herritarren protestak sorraraziz.
Zein da haren zeregina gaur egun? Espainiako Konstituzioaren 154. artikuluak zehazten ditu haren egitekoak. Espainiako Estatutik transferitu gabe dauden administrazioen ordezkari nagusia da erkidegoetan eta, «behar denean», erkidegoetako administrazioekin koordinatzen du lan hori. Era berean, bera dagoen lurraldeetan Espainiako legedia betetzen dela ziurtatzea du zeregin; horregatik da, besteak beste, Espainiako Estatuko Segurtasun Indarren buruzagi politikoa erkidegoetan. Era berean, eta Estatuaren abokatuarekin elkarlanean, auzibideak abiatzeko eta, beraz, debekuak eta zigorrak ezarri ahal izateko eskumena dauka.
Nork aukeratzen du?
XIX. mendean monarkiak eta XX. mendean Francisco Franco diktadoreak bezala, Espainiako gobernuburuak berak aukeratzen ditu ordezkariak eta ordezkariordeak, Ministroen Batzordearen oniritziarekin.
Zein da haren baliokidea Ipar Euskal Herrian? Pirinio Atlantikoetako prefeta. Frantziako Iraultzaren ondoren, Napoleon Bonapartek berreskuratu egin zuen monarkia garaiko figura hori, eta eredu gisa hartu zuen Espainiak XIX. mendean. Prefetak —edota suprefetak— botere handia izan du Ipar Euskal Herrian, baina 1980ko hamarkadan abiatutako deszentralizazioek mugatu egin dituzte haren egitekoak. Egun, Espainiako Gobernuaren ordezkariak dituenaren oso antzeko eskumenak ditu. Esan ohi da Espainiako ordezkariak izaera politikoa handiagoa duela eta prefetak teknikoagoa, baina kasuz kasu aztertu beharko litzateke prefeta edo ordezkari bakoitzaren esku hartzea.
ESPAINIAKO GOBERNUAREN ORDEZKARIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu