Espainiako Osasun Ministerioak proposatuko du maskara erabiltzeko osasun etxeetan

Arnas aparatuko birusen kasuek gora egin dute Hego Euskal Herrian, eta instituzioek maskara erabiltzea gomendatu dute.

KORONABIRUSA - DONOSTIAKO OSPITALEA
Herritarrak maskara jantzita Donostia Ospitalearen aurrean, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urtarrilaren 5a
17:15
Entzun

Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak adierazi du datorren astelehenean proposamen bat helaraziko diela autonomia erkidegoei: osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan maskara erabiltzera behartzeko. Izan ere, azken asteetan gora egin dute arnas aparatuko gaitzek, eta, adierazi duenez, maskara erabiltzea da neurri «eraginkorrena» gorakada horri aurre egiteko.

Argitu du gomendio horrekin ez duela konpetentziarik «zapaldu» nahi, neurriak «koordinatu» baizik. Izan ere, zenbait lurraldek maskararen erabilera ezarri dute berriz ere osasun etxeetan, eta bertze hainbatek babes neurri hori erabiltzeko gomendioa eman dute. «Gure babesa eta koordinatzeko gaitasuna erakutsi nahi diegu autonomia erkidegoei; besteak beste, gune soziosanitarioetan maskarak nahitaez erabili behar direla bermatzeko», borobildu du Garciak.

Hego Euskal Herriko osasun etxeetan ez da maskara erabili beharrik, derrigorrez ez, behintzat. Dena den, Osakidetzak eta Osasunbideak gomendatu dute erabiltzea. Izan ere, abenduaren 25etik gaur bitarte, nabarmen egin dute gora arnas aparatuko gaitzekin lotutako kasuek edo ospitaleratzeek. 

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak argitu du maskara janzteko gomendioa bai, baina agindua ez duela ezarriko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoelako «ez saturaziorik ez kolapsorik». Adierazi du beharrei «ondo» erantzuten ari direla une oro, eta itxaronaldiak baldin badaude ere «guztiak» artatzen dituztela, kasu bakoitzaren «premiaren» arabera. Astelehenean adituen batzordeek zer esango duten entzun nahi du beste erabakiren bat hartu aurretik.

Gripeak, gora

Hego Euskal Herrian gora egin dute gripe kasuek, baina baita koronabirus kasuek ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera aztertzen du arnas infekzio akutuaren zaintzaren txostenak, eta astero argitaratzen da. Abenduaren 25 eta 31 bitarte, arnas aparatuari lotutako 555 kasu egon ziren 100.000 biztanleko. Intzidentzia handiena Gipuzkoan dago (594); jarraian, Bizkaian (570); eta, azkenik, Araban (416). Dena den, aurreko astekoa baino apalagoa da datu hori, abenduaren 18 eta 24 bitarte 578 kasu zenbatu baitziren 100.000 biztanleko.

Intzidentzia kopuru orokorrek behera egin badute ere, kasu larriek –ospitaleratzea eskatzen dutenak– gora egin dute: 29 dira 100.000 biztanleko, aurreko astean baino 9 kasu gehiago. 64 urtetik gorakoak dira kaltetuenak. Gripe kasuek ere gora egin dute: 935 kasu zenbatu zituzten abenduko azkeneko aste horretan, eta aurrekoan, berriz, 552. Koronabirus kasuek ere gora egin dute: 347 kasutik 465era igaro dira astebetean. Egoera zein den ikusita, Osakidetzak ohe gehiago prestatu ditu ospitaleetan: 120 Bizkaian, 40 Araban, eta 24 Gipuzkoan. «Ospitale edukiera handitzeak aukera emango du gure ospitaleetako ohiko jarduerari eusteko eta arnas infekzioek eragindako eskariaren gorakadari erantzuteko», adierazi dute ohar bidez.

Nafarroan, berriz, astero txosten epidemiologikoa argitaratzen du Osasun Publikoaren Institutuak. Dokumentu horren arabera, abenduaren 25 eta 31 bitarteko astean nabarmen gora egin dute gora gripe kasuek: «Intentsitate eta larritasun handikoak» dira, eta «goranzko joera» hartua dute. 176 gripe kasu zenbatu dituzte, eta horien %84 A gripearenak ziren. Zenbatutako kasu guztietatik 108 ospitaleratu behar izan zituzten, aurreko astean baino askoz gehiago –55 izan ziren–.

Dena den, adituek ohartarazi dute ospitaleratuen kopurua handia dela, baina «2020aren aurreko urteetan ikusitako mugen barruan» dagoela.

«Antolaketa arazoak, ez gripea»

Hego Euskal Herriko administrazioek nabarmendu dutenez, arnas aparatuko gaitzen ohiko goraldiak behartu ditu neurriak hartzera. LAB sindikatuak, ordea, salatu du urtez urte errepikatzen den egoera ez dela arnas aparatuko gaitzen ondorioa, «antolaketa gabeziena» baizik. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa «kolapso» egoeran dagoela salatu du sindikatuak, eta arintzeko hartu diren neurriak —pazienteak ospitaletik kanpoko larrialdi zentroetara bideratzea— erabaki «inprobisatuak» direla: «Ongi landu gabe ezarri dute, eta langileak eta erabiltzaileak informatu gabe. Horrek esan nahi du, beste behin ere, langileek aurre egin beharko diotela opor garaiko lan zamari».

Oinarrizko osasun laguntzarako baliabide eta langile gehiago eskatu ditu, baliabide eta langile faltak ere eragina baitu ospitaleetako presazko eskarian. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko larrialdi zerbitzuak gehienez 300 larrialdiri erantzuteko prestatuta daudela dio, baina aste honetan 500 inguru artatu behar izan dituztela.

Osasunari buruzko prestakuntza eta aldez aurreko informazio zehatza eskatu ditu herritarrentzat. Horrek, LABen arabera, «urtero kolapsoak sortzea eragotziko luke». Esan du iragarkiak ez direla nahikoa, eta beharrezkoa dela eredu aldaketa bat, herritarrek osasun zerbitzuak ongi ezagutu eta erabil ditzaten: «Ez da bidezkoa 07:30ean osasun zentroen ateetan ilarak sortzea eta larrialdiak kolapsatuta egotea, kontuan izanik larrialdiko laguntza horien erdiak osasun zentroetan ebatz daitezkeela». Herritarrei eskatu die arduraz joka dezatela eta ez ditzatela langileak egin arreta arazoen «erantzule bakar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.