Atzeratu egin dute Burlatako (Nafarroa) San Frantzisko kalean egitekoak ziren etxegabetzea. Espainiako Polizia bertara joan da goizean, emakume bat etxegabetzeko asmoz.
Etxegabetzea 08:00etarako zegoen aurreikusia, baina lehenago ere bertaratu dira asko eta asko. Dozenaka lagun egon dira etxe atarian, etxegabetzea gelditzen saiatzeko. Espainiako Poliziak 06:00etan itxi du etxe atariaren pareko etxea, eta hara zazpi furgoneta eraman.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu du goizean goizeko elkarretaratzera, etxegabetzea gelditzen ahalegintzeko. San Frantzisko kaleko lehen zenbakian bizi den emakumea alokairu sozialean bizi da, eta, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Instagram bidez adierazi duenez, «ezin izan du errenta ordaindu CaixaBanken engainuen ondorioz».
Izarran ere bai
Gaur goizean etxegabetze bat egitekoak ziren Izarran (Araba) ere. Bai, ziren. Izan ere, hura ere gelditzea lortu dute herritarrek. Gaineratu dute egitekoak ziren etxegabetze horrek agerian utzi duela «landa eremuko etxebizitzaren problematika». Hain zuzen, adierazi dute hirietan bezala «etxe huts andana» dagoela landa eremuan ere, baina «Foru Aldundiaren baliabideak» ez direla «heltzen».
Izarrako herritarrek, halaber, bereziki nabarmendu dute elkartasunak zer-nolako balioa izan duen etxegabetzea geldiarazteko: «Etxebizitzaren auziari dagokionez, beharrezkoa da negozioa ekuaziotik kentzea, eta etxebizitza eskubide unibertsal izan dadin borrokatzea. Gaurko gertaerek zerbait erakusten badute, zera erakusten dute: soilik herriak salba dezakeela herria».