Espainiako Poliziak jaiegunak eskaini ditu Irunen atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera

Baliogabetu egin dute agindua. Agiriak jasotzen duenez, etorkin bat atxilo hartzearen truke hiru jaiegun lortuko zituzten; bi atxilo hartuta, lau egun; eta hamar hartuta, bost.

Migrazio politiken aurkako protesta bat, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. IñIGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 7a
09:36
Entzun

Harrabotsa sortu du Irungo komisarian agertu den agiri batek. Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatutako ohar bat da, eta, bertan, jaiegunak eskaintzen dira atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. Atzo, astelehena, egon zen agiria jendaurrean, eta agindua bertan behera utzi zuen ondoren Poliziaren EAEko buruzagitza nagusiak. Halaber, Poliziaren zuzendaritza nagusiak espediente bat ireki dio brigadako inspektoreburuari.

Oharrean jasotzen zenez, uztailaren 1etik aurrera Espainiako Poliziak «konpentsazio egunak» emango zizkien agenteei asteburuan atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. Inor atxilotu ezean, bi jaiegun izango zituzten; bat atxilotuz gero, hiru egun; bi atxilotzetik gora, lau egun; eta hamar atxilotzetik gora, bost egun.

Migratzaileak atxilotzearen truke jaiegunak eskaintzen zaizkiela jasotzen duen agiria. Jupol

Irungo Harrera Sareak jazotakoa gaitzetsi du, eta jakinarazi «sinetsi ezinda eta arduraz» jaso dutela berria. «Migratzaileen oinarrizko eskubideak, atzerritartasun gaietan indarrean dagoen legedia eta Poliziaren lan eskubideak ez errespetatzea eta zapaltzea onartezina da, eta, esan bezala, harrigarria eta asaldatzekoa».

Hala, besteak beste, eskatu du neurri horiei aktiboki erantzun, erantzukizunak argitu, eta behar diren dimisio guztiak emateko. Polizia erakundeei ere galdegin die giza eskubideak errespetatzea eta agenteak arrazismoaren aurka borrokatzeko prestatzea. «Proposamen horren bidez, oraindik segurtasun indarretan gera daitekeen arrazismoa legitimatzen du Poliziak, eta indarrean dauden balio demokratikoak deslegitimatzen ditu».

Migratzaileek oinarrizko eskubideak dituztela gogorarazi du Harrera Sareak, eta azpimarratu horietako bat dela «bizitza hobetzeko edo salbatzeko bidaiatzea». Gainera, hala esan du: «Paperik ez izatea falta administratiboa da, ez delitu penala».

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ere salatu du arau hauste administratibo batengatik pertsonak atxilotzea oinarrizko eskubideak urratzea dela. Irunen jazotakoa arrazakeria instituzionalaren beste adibide bat dela uste du, eta halakoak gertatzen direla azaldu. «Arazoa da publiko egin dela. Horregatik ireki zaio espedientea brigadako buruari, eta hori aurpegia zuritzea baino ez da. Hori ikusten dugu egunero, adibidez, Ceuta eta Melillako hesietako polizia jardunean».

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak ere hartu du hitza, eta adierazi garaiz eten den «zentzugabeko huts bat» izan dela. Haren arabera, agindua ez dator bat polizia etxearen ohiko funtzionamenduarekin. Hala ere, ñabardura bat egin du, eta esan agiriak ez duela zehazten atxilotuek migratzaileak izan behar dutenik.

Gertatutakoa analizatu behar dela adierazi du, erabakitzeko inspektoreburuari zigorra jarri behar ote dioten. Itxasok ziurtatu duenez, brigadako buruak «bere kabuz» hartu zuen erabakia. «Polizian aspaldi desagertu ziren jokabide horiek».

Agiria, Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatuta. Jupol

Jupol Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiak ere agindua salatu du sare sozialetan. Intzidentzien modalitateko zerbitzua behar bezala araututa dagoela esan du, eta Irunen jazotakoa kritikatu: «Badirudi bultzatzen ari direla jende gehiago atxilotzea atzerritar izateagatik». Sindikatuaren arabera, Irungo polizia etxeak «presio handia» du immigrazioagatik, eta brigadako buruak emandako agindua «ezkutuan egindako presioa» da agenteak behartzeko etorkin gehiago atxilo hartzera.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariordetzako iturriek baieztatu egin dute agindua eman egin zela, eta «ordu batzuk» aktibo egon zela; Poliziaren EAEko buruzagitza nagusiak haren berri izandakoan baliogabetu zuen.

Notiziak oihartzun handia izan du, eta sareetan hainbatek kritikatu dute jazotakoa.

Muga «arrazista» bat

Sarri ematen du zeresana Irun eta Hendaia arteko mugak. Mugimenduek hainbat aldiz salatu dute Poliziaren jokabidea, eta bide ez-seguruak hartzeko arriskuaz ohartarazi. Hain zuzen, Bidasoko mugan azken bi urteotan hil diren migratzaileak gogoratzeko ekitaldi-omenaldia egin zuten otsailean. Bi urtean gutxienez bederatzi etorkin hil dira.

Duela gutxi, berriz, Frantziak immigrazioa kontrolatzeko erabiltzen duen muga politika salatu zuten Anafe atzerritarrentzako mugetako laguntzarako Frantziako elkarteak eta CAFI Barne Mugetako Ekintza Koordinakundeak. Maiatz hasieran txosten bat argitaratu zuten 2019 eta 2022 artean egin dituzten behaketa lan, migratzaileen lekukotasun bilketa eta tokiko eragileekin bildutakoan atera emaitzekin: agerian utzi dute kontrol horiek «ilegalak» direla, eta ondorio latzak dituztela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.