Egunkaria eta Egin egunkariak ideologiagatik itxi al zituzten galdetu diote gaur Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeko adituek Fernando Irurzun Espainiako Gobernuko ordezkariari, edo Karmelo Landa Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea eta HBtik europarlamentari izandakoa ideiengatik al dagoen preso. Espainiak, ordea, betikoa argudiatu du NBEren aurrean ere: epaitegiek Egin eta Egunkaria ez zituztela itxi ideologiagatik -haien "ildo editorial bereko" bi egunkari egun badirela adierazi du- eta Landa ez dagoela preso ideiengatik. Epaileen arabera Egin-ek eta Landak ETArekin "harremana" dutela esan du Irurzunek, erakunde armatuko "parte" direla, eta horregatik hartu zirela haien aurkako neurriak. Egunkaria-ri buruz galdetu diotenean, berriz, zehaztasunik gabe erantzun du: Euskal Herrian bi egunkari "bakarrik" itxi direla, hamabi daudela martxan egun, eta lehengo argudio berera itzuliz, itxitako bien ildo editorial berekoak direla haietako bi. Beraz, zeharka bada ere, komunikabideak ez dituztela "ideologiatik" itxi berretsi du.
NBEko batzorde hori Espainiako Estatuko egoerari buruzko txostena egiten ari da, eta atzo batzordeko kideek hainbat galdera egin zizkioten Irurzuni; gaur ere bai beste batzuk.
Arratsaldean erantzun du Egunkaria-ren itxieraz egindako galdera-gogoeta.
Inkomunikazioaz eta torturaz ere egin dizkiote gaur itaunak adituek, Torturaren Prebentziorako Elkartearen datuetan oinarrituta, eta Espainiako ordezkariak atzoko jokabide bera izan du: Espainiako Konstituzioak jasotzen duela inkomunikazio egoera, Gobernuak giza eskubideen alde egiten duela, ofizioko abokatuak "independenteak" direla... NBEko adituek, baina, zalantzekin bukatu dute, eta erantzunak gehiago argitzeko eskatu diote Irurzuni. Bi parteak hizkuntza desberdinetan ari zirela ematen zuen.
Nigel Rodley Batzordeko kideak, kasu, ez zuen atzo gustura bukatu Espainiaren jarrerarekin. "Aditu guztiek gauza bera esaten badute, zergatik ez da egin behar dena egiten?; zergatik eman hainbeste itzulinguru denek gomendatzen dutena egin ordez?".
Oro har, giza eskubideei Espainian ematen zaien bermeen inguruan kezka eta zalantzak agertu dituzte NBEko adituek.
Politika
Espainian giza eskubideei ematen zaizkien bermeei buruzko kezka agertu dute NBEko adituek
Besteak beste, 'Egin'-ez, 'Egunkaria'-z, Karmelo Landa Batasuneko kide eta europarlamentari izandakoaz, inkomunikazioaz edota torturaz galderak egin dizkiote Espainiako ordezkariari, Genevan. Komunikabideak ez direla arrazoi ideologikoengatik itxi argudiatu du Fernando Irurzun Espainiako ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu