Euskal presoak. Donostiako manifestazioa

Espainiari eta Frantziari urratsak egiteko eskatu diete

Normalizaziorako bidean espetxe politika aldatu eta euskal presoen eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela esan dutePolitikari, aktore eta herritarrek aho batez salatu dute 'Batergune auziko' epaia

Euskal presoen senide eta lagunek eta hainbat aktorek eraman zuten pankarta. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
M. Goñi - A. Arzallus
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zinemaldiko giroa nabaria izan zen manifestazioan ere, politika munduko jendeaz gain, arte eszenikoetako pertsona ezagun askok parte hartu baitzuten. Besteren artean, han izan ziren Ramon Agirre, Gotzon Sanchez, Aizkoa Olabarrieta, Itziar Ituño eta Kandido Uranga aktoreak, haietako batzuk pankartari eusten. Euskal preso politikoen eskubideen alde ahal dutena egiteko konpromiso argia erakutsi zuten egindako adierazpenetan. «Pankartak dioen bezala, egin dezagun gure bidea. Guk ere gure alea jar badezakegu, horretan saiatuko gara, horretara etorri gara behintzat. Garai berriak datoz, eta denok jarri behar dugu gure aldetik», esan zuen, esaterako, Ramon Agirrek. Haiez gain, ezker abertzaleko, Eusko Alkartasuneko, Alternatibako, Aralarreko, LABeko eta ELAko ordezkariak ere han ziren.

MARIBI UGARTEBURU



Ezker abertzaleko bozeramailea

«Espainiaren eta Frantziaren blokeo jarreraren adierazgarri latzena da presoen egoera»

«Ezker abertzaleak bat egin du Egin Dezagun Bidea ekimenak deitutako manifestazio honekin, bidea egin behar dugulako guztion artean euskal errepresaliatu guztiak etxera ekartzeko eta etorkizun hurbilean errepresaliatu bat bera ere gehiago egon ez dadin. Izan ere, Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik dagoen blokeo eta immobilismo jarreren adierazgarri latzena eta gordinena da gaur egun euskal preso politikoen kolektiboak eta errepresaliatuen kolektiboak duen egoera, eta uste dugu badela garaia pausoak emateko, baita beraien [Espainiako eta Frantziako gobernuen] aldetik ere, eta premiazko neurri batzuk hartzeko gehiago itxaron gabe.

Premiazko neurri horiek izango lirateke, adibidez, gaixotasun larriekin dauden presoak berehala askatzea, egoera prebentiboan dauden presoak ere askatzea eta Parot doktrina deitzen zaion hori ezarri zaien preso horiek askatzea. Garaia dute mugitzeko, garaia dute errealitatearekin sintonizatzeko eta behingoz estridentziak eta alderdikeriak alde batera uzteko. Alde horretatik,gaurkoa deialdi oso indartsua da, eta errealitatearen argazkia. Euskal Herria martxan dago, bidea egiten ari da jada, eta hau ez dago gelditzerik».

PELLO URIZAR



Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia

«Bakea eta normalizazioa bilatzen duen prozesu batek guztien konpromisoa behar du»

«Gaurko manifestazio ekitaldi hau, beste behin ere, euskal gizartearen nahiaren adierazgarri da. Gizarteak normalkuntza oso baterako pausoak eman daitezen eskatzen duela ikus dezakegu, eta horretarako konpromisoa erakusten duela. Egoera normalizatu bat nahi du gizarteak. Alde horretatik, Gernikako sinatzaile garen heinean, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diogu aurrerapausoak eman ditzan. Zorritxarrez, Espainiako Estatuak kontrako bidea daramala ikusi dugu; Bateragune auzian eman den sententzia akats larria izan dela uste dugu.

Noski, gaurko manifestazio honek jendea berriz ere kalera irten dadin eragin du, konpromisoa baduela erakusteko. Izan ere, orain arteko prozesua alde bakarrekoa izan da, eta alde bakarrekoa da oraindik; aldiz, bakea eta normalkuntza bilatzen duen prozesu batek alde guztien konpromisoa behar du nahitaez, eta alderdi guztien lana. Horren eskaria egingo dugu gaur, eta hala egingo dugu datozen egun eta hilabeteetan ere». IZ

ADOLFO MUÑOZ



ELA sindikatuko idazkari nagusia

«Egungo egoeran, derrigorra da euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea»

«Gaurko manifestazioa euskal presoen eskubideen aldeko ekimen bat den heinean, ELA bere konpromisoa erakustera etorri da Donostiara, uste dugulako Euskal Herriko egungo egoeraneta une honek duen garrantzia kontuan izanda derrigorrezkoa dela euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea.

Hala ere, eta gaurko ekitaldira euskal presoen eskubideak defendatzera etorri garen arren, ezin gara joan atzo Bateragune auziaren inguruan kaleratutako epaia aztertu eta salatu gabe. ELAren iritziz, sententzia oso krudela da, itzelezko astakeria, eta, gainera, garaiz kanpokoa. Gure gizartearen egoera kontuan hartuta, jokoz kanpo dago epaia; horregatik, gure indar guztiarekin kritikatu nahi dugu.

Epaia justifikatzeko erabilitako arrazoiak ere ez zaizkigu koherenteak iruditzen. Esate baterako, dio gure [ELAren] testigantzak ez duela ezertarako balio, gure helburuak eta auzipetuenak berdinak direlako. Modu horretan, uste dugu epaiak baztertu eta gutxietsi egiten dituela batzuen iritziak. Aurretik ere esana dugu epaiketa alde bakarrekoa izan dela, eta berriro gauza bera esan beharra daukagu. Ezin da ahaztu, gainera, Auzitegi Nazionalak egin duena Espainiako Gobernuak hala nahi izan duelako egin duela. Horregatik, sententzia bertan behera uzteko eskatzen diogu Espainiako Gobernuari, berea delako ardura guztia».

OSKAR MATUTE



Alternatibako bozeramailea

«'Bateragune auziko' epaiak ezingo du gelditu abian den aldaketa politikoa»

«Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzera etorri gara manifestazio honetara, hain zuzen, Espainiako Estatuak sistematik urratzen dituen eskubide horiek. Gainera, gaurko ekimenak badu osagai berri bat, atzo jakin baikenuen Bateragune auzian auzipetutakoen inguruko sententzia. Zentzu guztietan izugarrizko aberrazioa, itxuragabekeria da epai hori, euskal herritarren gehiengoak nahi eta espero duenaren kontra doan epaia. Hala ere, sententzia horrek ezingo du gelditu abian den aldaketa politikoa, jende askok, baita kondenatuek ere, denbora asko baitaramate bide horretan lanean, bakerantz doan bidean, soluzio demokratikoetarantz doan bidean, gatazkaren konponbiderantz doan bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.