Madrilen, kilometro karratu berean daude Kristobal Kolonen omenezko plaza, Espainiako Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena, Falange Espainolaren sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren jaiotetxea eta PPren egoitza nagusia. Hedabideek eta madrildarrek Genova deitzen diote eraikinari —Genova kalean dagoelako—, baina, izena kenduta, Italiarekin ez dauka inolako zerikusirik. Eremu hori espainola da, oso espainola. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PPk irabazi izana ospatzeko atzo inguruan elkartu zen jendetzaren arabera, espainoletan espainolena.
Gaueko jendetza ez zen hauteskunde egunean batu, bare baitzeuden Madrilgo erdiguneko kaleak; uztaileko edozein igande goiz ematen zuen. Genova kalearen alde batetik bestera, PPren presidentegai Alberto Nuñez Feijooren aurpegia ageri zen behin eta berriz farolaz farola, baina PPren egoitzakoa zen argazkirik handiena; fatxada ia osoa hartzen zuen Feijooren aurpegiak, mezu batekin: «Es el momento» (Orain da garaia).
Ez zen oraindik jendea kalera irteteko garaia. Dozena bat polizia eta beste pare bat pertsona zeuden Feijooren argazkietatik gertu. Horietako bat kaleak garbitzen ari zen udal langilea da. Emakume arrazializatua da, eta nabarmendu du ez duela botoa emateko eskubiderik, baina izango balu ere ez lukeela bozkatuko: «Ez dut konfiantzarik erakundeetan».
Inguruan lanean dabilen beste pertsona bat PPren egoitzaren ondoko kioskoko langilea da. Mutil gazte bat da, eta salgai dituen egunkarien artean, El País-ena da pilarik handiena. «PPren egoitzaren ondoan gauden arren, hemen inguruan El País beste egunkariak baino hamar aldiz gehiago saltzen da», esan du besapean El Mundo daraman andre bat kiosko paretik pasatu den bitartean.
Goiza aurrera joan ahala, tenperatura igoz joan da. Fresko samar egoten da, ordea, Genova kaletik minutu batera dagoen Santa Barbara elizan. Eguerdiko mezan elkarri «bakea» eman diotenean, abanikoa gorde behar izan dute askok. Apaizak «batasuna» defendatu du sermoian. Mezetatik irten diren batzuek, zehazki, «Espainiaren batasuna» aldarrikatu dute.
«Espero dut inkestek diotena betetzea [inkesta askok esaten zuten PP gailenduko zela bozetan]. Espainiaren aldeko gobernu bat nahi dut. Oraingoa Espainia hautsi nahi dutenekin bat etorri da, eta onartezina da», esan du mezetatik irten den andre batek. Beste gizon heldu batek nabarmendu du ez dagoela «askatasunik», eta «berriro egon dadin» eskuinak egon beharko lukeela Moncloako jauregian. Elizan serora lanak egin dituenak nabarmendu du PPren alde bozkatuko duela, «balio kristauak defendatzen dituelako».
PPren egoitzaren inguruan bizi diren gehienek Isabel la Catolica institutuan eman dute botoa. Aurerra eta atzera ibili dira boto emaileak eta ahaldunak. PPko eta Vox alderdi ultraeskuindarreko ahaldunak elkarrekin hizketan egon dira sarri.
Boto emaile batzuek nabarmendu dute «ezkerrari» emango diotela botoa, eta denek arrazoi bera eman dute: PPren eta Voxen gobernu bat «atzerapauso demokratiko bat» izango dela. Hala ere, denek uste dute, inkesta gehienei erreparatuz, eskuina dela bozak irabaztekoa.
Hori nahi duten beste asko ere egon dira botoa ematen. Horietako batek esan du «bihotzez» emango diola botoa PPri: «Bizitza osoan eman diot botoa. Aitak ere ematen zion: militarra zen. Voxek irabaziko balu ere ez nuke arazorik izango». Cayetano itxurako mutil gazte batek nabarmendu du «eskuinari» botoa emango diola «zergak jaitsi ditzaten».
Beste andre bat alabarekin joan da botoa ematera, nahiz eta alabak 16 urte dituen —eta Espainiako banderaren eskumuturrekoa— . Voxi emango dio botoa, eta agerian utzi du bere ideologia transfoboa: «Nire alabak ezin du botoa eman, baina sexua aldatu dezake? Ez du ez hanka, eta ez buru».
Urduritasuna
Iluntzean, 20:00ak pasatuta, jendetza hasi da biltzen PPren egoitzaren inguruan. Kazetari ugari, polizia gehiago eta hainbat zale daude Genova kalean.
Minutuak aurrera joan ahala, hasi da gero eta jende gehiago gerturatzen. Gazte asko daude —kolore beixeko arropa eta nautikodun asko—, baita jende heldua ere. Lehen emaitzak atera ahala, PSOE eta PP pareko joan dira, baina sozialistak aurretik. PPren zale batek lehen emaitzak ikusi ditu sakelakoan. «Putza! PSOE lehen!», esan dio itxuraz bere neska laguna denari. «Lasai, %10 baino ez dute zenbatu», erantzun dio. Gero, Japoniako kazetari batzuen galderei erantzun die, eta nabarmendu du PP dela «aukerarik onena».
Genovan elkartu direnek zerbait badute komunean, hori kolore gorri-horiak dira. Espainiako banderak astindu dituzte, kapa moduan jantzi, gerrikotik lotu, eskumuturreko batean eraman. Denetariko moduak aurkitu dituzte bandera espainola erakusteko.
Musika ere jarri dute. Esaterako, entzun da Julio Iglesiasen Me va, me va. Laster kendu dute, ordea. Botoen %30 baino gehiago zenbatuta, PSOEk segitu du aurretik. Jendea sakelakoetan murgildu da. Gizon heldu batek albokoari esan dio: «Lasai egon. Irabaziko dugu, eta cava botila bat erosiko dugu».
Kostatu da giroa berotzea, inkesten emaitzen hauspoa zutelako, eta zenbakiek oraindik ez zietelako gobernatzeko ematen. Une batean, jendea algaraka hasi da. Botoen %60 zenbatu eta gero, PP gailendu da. Zaleak Espainiako banderak astintzen hasi dira, eta denetariko leloak abesten: «Feijoo presidente», «Bozka dezala zure alde Txapotek» eta «Nabari da, ikusten da PPren garaipena», esaterako.
Beren liderraren zain daude, eta «Gora Espainia» oihukatu dute bitartean, baita izen bereko abestia abestu ere, Manolo Escobarrena. Y España es la mejor (Eta Espainia da onena), dio kantuak. Orduan, Feijoo balkoira atera da.