Toki seguruak ez dira berez existitzen, «nahita sortu behar dira». Hala uste du Karin Konklek, eta hala egiten saiatzen da bera, autodefentsa feministari buruzko ikastaroak ematen dituenean. Gune hori segurua izan dadin, arau batzuk jartzen ditu. Besteak beste, argi uzten du parte hartzaileek kontatzen dutena «konfidentziala» dela, eta kontuz ibili beharra dagoela gainerakoen esperientziei buruz ematen diren iritziekin.
Autodefentsa Feministari Buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu gaurko Deustuko Unibertsitateak, eta bertan izan da Konkle. Hogei urte baino gehiago daramatza autodefentsa feministako ikastaroak ematen eta arte martzialak irakasten; eta, duela lau urte, Autodefensa feminista para todo el mundo (Autodefentsa feminista mundu guztiarentzat) liburua argitaratu zuen. Konklerekin batera, jardunaldietan izan dira Maddi Askaiturrieta, Gabriela Ballesteros eta Iria Gutierrez Deustuko Unibertsitateko Psikologia graduko 4. mailako ikasleak.
Hain justu, unibertsitatean antolatutako autodefentsa feministako ikastaro batean hartu dute parte hiru ikasleek, eta gune segurutzat jo dute. Askaiturrietak horrelako guneen garrantzia azpimarratu du, egunerokoan ez direlako ohikoak izaten «norbera epaitua sentituko ez den» guneak. Ikastaro horietaz gain, militatzen duen Euskal Herriko mugimendu feminista ere bada toki seguru bat harentzat. «Bertan sortzen den sareak, segurtasunak eta ulertua sentitze horrek ikusarazten dizu zeinen garrantzitsuak diren eremu horiek». Horrez gain, esan du eurek ere autodefentsa feminista erabiltzen dutela, tailerretatik harago: «Egunerokoan jasaten ditugun zapalkuntza horiei guztiei aurre egiteko tresna politiko bezala».
«Autodefentsa ikastaroa eraginkorra izan dadin, autodefentsa fisikoaz gain, emozioak kudeatzeko, egoerak aztertzeko eta komunikaziorako tresnak landu behar ditugu»
KARIN KONKLEAutodefentsa feministako irakaslea
Esparruaren garrantzia aipatzeaz gain, ikastaroetako edukiari ere erreparatu dio Konklek, eta tailerretan oinarri izaten duen galdera aipatu du: «Nola eutsi lasaitasunari autodefentsa egoera batean?». Lasaitasun «erlatiboaz» ari da, noski. «Norbaiti zerbait gertatzen bazaio eta fisikoki bere burua defendatu behar badu, beldurra izango du. Lasai egoteaz ari naizenean, erabakiak hartzeko gaitasuna izateaz ari naiz».
«Erantzun sorta bat»
Zehaztu duenez, autodefentsa feminista «erantzun sorta bat» da, «indarkeria matxistari aurre egiteko». «Autodefentsari buruzko ikastaro bat baliagarria izan dadin, indarkeria egoerak kudeatzen lagunduko diguten tresnak eman behar ditugu». Hain justu, egoera horietan lasai egon ahal izateko, «baliabideak» behar dira: «Batzuetan ezinezkoa da lasai egotea, baina, posible izan dadin, jarraibide batzuk behar ditugu». Jarraibideen beharra aipatu du, autodefentsa egoerak «askotarikoak» baitira, eta ez baitago erantzun zuzen bat egoera guztietarako.
«Norbaitek bere buruari ‘orain zer egingo dut?’ galdera egiten badio, zerbait gertatu delako egiten dio, eta zerbaitek deseroso sentiarazi duelako», azaldu du. Orduan, tokia eta aurrean dagoen pertsona ondo identifikatzea garrantzitsua da, zer egin erabakitzeko. Hiru aukera eman ditu Konklek: «Alde egin, zerbait esan, edo zerbait egin». Lehenengo bi aukerak gomendatu ditu. Eta «hitz egitea» erabakitzekotan, kontuan hartu beharreko beste gomendio batzuk eman ditu. Besteak beste: «Garrantzitsua da besteak nola ikusten gaituen; tonuak ere garrantzia du, baita esaten dugun horrek ere».

Jarraibide horiek bete ahal izateko, ezinbestekoa da horrelako egoerak identifikatzea eta indarkeria matxista gertatzen ari dela jakitea. Konklek gogoratu du indarkeria guztiak ez direla «agerikoak». Adierazpen horrekin bat egin dute hiru ikasleek, eta ikastaroan hausnartutako ideia bat azpimarratu du Ballesterosek: «Zerbaitengatik geure burua defendatu ahal izateko, zerbait hori identifikatu behar dugu».
Era berean, Askaiturrietak esan du badirela hainbat zailtasun indarkeria matxista identifikatzeko, bereziki «indarkeria psikologikoak eta sotilenak». Zeintzuk dira, baina, zailtasun horiek? Alde batetik, indarkeriak «normalizatuta» daudela. Eta, bestetik, Askaiturrietak esan du genero sozializazioak zaildu egiten duela identifikatzeko garai hori. «Emakumeoi erakutsi digute isilik eta apal egoten». Indarkeriak gertatzen direnean, emakume askok isilik geratzeko hautua hartzen dute, ez bakarrik «beldurrarengatik», baizik eta indarkeria gehienak gertuko harremanetan gertatzen direlako, eta gatazka saihestu nahi dutelako.
Segurtasuna eta konfiantza
Ikastaroetan parte hartzeaz gain, ikertzaile lanetan ere ibili da Askaiturrieta, gradu amaierako lana autodefentsa feministari eta horrek dakartzan ahalduntze indibidualari eta kolektiboari buruz egin baitu. Ahalduntze indibidualari dagokionez, esan du tailerrak aukera eman diela parte hartzaileei «segurtasuna eta konfiantza» berreskuratzeko: «Askotan uste dugu edo gizarteak sinetsarazi digu ez daukagula segurtasunik eta konfiantzarik. Tailerrak ez digu segurtasun hori ematen; lehendik genuena berreskuratzen laguntzen digu».
Izan ere, Gutierrezek azaldu du «gaitasunaren» eta «boterearen» artean dagoen diferentziaz ohartu direla ikastaroan: «Agian gaitasuna izan dezakegu deseroso sentitzen garen egoera batean hitz egiteko, baina boterea falta zaigu txikitasun horretatik ateratzeko eta geure lekua defendatzeko».
«[Mugimendu feministan] Autodefentsa feminista egunerokoan jasaten ditugun zapalkuntza horiei guztiei aurre egiteko tresna politiko moduan erabiltzen dugu»
MADDI ASKAITURRIETADeustuko Unibertsitateko Psikologia graduko ikaslea
Konfiantza hori berreskuratzean, emakumeek «autonomia dutela sinesten» ahal dute, Askaiturrietak azaldu duenez. Izan ere, nahiz eta askotan ikastaro horietan autodefentsa fisikoa besterik ez dela egiten pentsatu, gune horietan «emozioen eta identitatearen zaintza ere» bermatu egiten da. Hain justu, zera esan du Konklek: «Autodefentsa ikastaroa eraginkorra izan dadin, autodefentsa fisikoaz gain, emozioak kudeatzeko, egoerak aztertzeko eta komunikaziorako tresnak ere landu behar ditugu».
Ikastaroak eragina izan du ahalduntze kolektiboan ere. Gutierrezek gogoratu duenez, «bizipen pertsonalak» kontatu zituzten parte hartzaileek, eta ohartu ziren horietako asko zituztela komun. Zera azaldu du Askaiturrietak: «Konfiantza harreman batzuk sustatzen dira bertan, eta parte hartzaileak ohartzen dira haiei gertatutakoa besteei ere gertatu zaiela; bakardade hori apurtzea lortzen da hala, eta mina kolektibizatzea».