Itxaso Etxeberria, Eguzkibegi Ikastolako zuzendaria: «Espazioak pedagogia behar berrietara egokitzea izan da azken urteetako lehentasuna»

Eguzkibegi ikastolaren lehentasuna kalitatezko hezkuntza eta euskara izan dira sorreratik, 1967tik. Mende erditik gorako bidea egin du, sasoian sasoiko beharretara egokituz, iparra galdu gabe.

Itxaso Etxeberria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Itxaso Etxeberria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak antolatu du aurtengo Ibilaldia, eta bihar ospatuko dute. Magal batean dago ikastetxea, naturarekin bat eginda. Ingurune pribilegiatua den jakitun dago Itxaso Etxebarria Eguzkibegi ikastolako zuzendaria. Han hartzen dute abaro 398 familiak eta 603 ikaslek, kalitatezko hezkuntza eta euskara erdigunean jarrita. Hori izan da Eguzkibegi ikastolaren iparrorratza sorreratik bertatik. Hala kontatu du Etxebarriak, pozarren. Ibilaldiaren lekukoa hartuta, euskaltzaleak hartzeko gertu da ikastola, eta gustu guztietarako egitarau oparoa prestatu dute astebururako.

Zer oinarri ditu Eguzkibegi ikastolak, eta noiz sortu zen?

0 urtetik 16 urte arteko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. 1966. urtean sortu zen. Uda hartan, uztailean, guraso talde batek ikastola zabaltzeko asmoa azaldu zuen. Aitzindaritza hartu zuten haiek bi helburu nagusi zituzten: hezkuntza euskalduna izatea, euskal kulturarekin lotua; eta kalitatezkoa izatea, pedagogia berritzaileei jarraituz. Nahi hori 1967an gauzatu zen. Lokalak orduan lortu zituzten, eta haurrak lotzen hasi ziren, legeztatze prozesu guztia martxan jartzen.

Non hasi ziren eskolak ematen?

Hasiera herrian izan zen. Lokal batzuk lortu zituzten gurasoek, eta 35 ikasle eta bi irakaslerekin abiatu ziren. Buru-belarri lanean aritu ziren, eta, garai hartako traba guztiak gaindituta, 1972an hasi ziren eraikin berri bat irekitzeko ideia lantzen. 1974an erosi zuten lursaila, eta proiektua egin zuten. Eraikitze lanak 1976an hasi ziren. Ordurako, gero eta ikasle gehiago zituzten, eta ikastolaren proiektua ere gero eta ezagunagoa zen. 1978ko irailean hasi ziren lehen ikasleak gaur egungo eraikin nagusia den honetara etortzen. Gaur egun gauden eraikineko lehen ikasturtea 1978-1979koa izan zen.

Zein da hezkuntza proiektuaren ardatza?

Ikasleak jartzen ditu erdigunean. Hezkuntza euskalduna, kalitatezkoa eta berritzailea eskaintzen ditugu, eta ikasleen ongizate emozionala zaintzen dugu. Ongizate emozionala ere beti izan dugu ardatzean. Ez bakarrik ikasleena; ikastola osatzen duten komunitate osoarena ere bai: langile, irakasle eta gurasoena ere bai. Eta guztiaren ardatzean beti dago euskara.

Ikastolen elkartearen sarean egoteak zer ematen du?

Eguzkibegi ikastola ikastolen elkarteko partaide da, eta denon artean sare sendo bat osatzen dugu. Sare horri esker lortzen dugu aholkularitza, formakuntza eta beste hainbat laguntza. Hori da gure indargune nagusienetako bat.

Elkarlanak izango zuen bilakaera bat azken hamarkadan ezta?

Bilakaera handi bat izan da hasieratik, aldiro joan da-eta egokitzen pedagogia berrietara. Azken urteetan, adibidez, hezkuntza espazioak-eta gaur egungo pedagogietara egokituz joan behar izan dira, eta egokitzapenak egin behar izan ditugu eraikinetan, edo beste espazio batzuk sortu ditugu. Hori izan da azken urteetan gure beste lehentasunetako bat: espazioak gaur egungo pedagogietara egokitzea. Ikastola leku zoragarri batean dago, naturan errotuta. Eraikina ere oso ondo dago, baina egokitzapen batzuk egin behar izan ditugu.

Bestalde, ikastolen elkarteari esker, irakasleek  formakuntza saioak dituzte urtero, eta, horregatik, eskaintzen dugun pedagogia eraldatzailea eta berritzailea da, eta konpetentzietan oinarritua.

Gainera, gure irakasle taldea egonkorra da. Hori ere indargune bat da: ikasleei hiru etapetan jarraipen estua egiteko aukera ematen du horrek. Izan ere, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zikloetarako bidea egiten duen ikasleen irakasleek badute elkarren berri.

Magaletik herrire, euskara erdire lelopean ospatuko da Ibilaldia. Zer iradokitzen dizu leloak?

Ikastolari buruz aurretik esandako hori guztia leloak batzen duela uste dut. Guztiz bat egiten du Eguzkibegi ikastolarekin, herrian hasiak garelako, herritik eta herriarentzat sortuak, eta euskara ardatzean jarrita.

Nola jaso zenuten Ibilaldiaren lekukoa?

Ibilaldiaren proiektua 2021ean aurkeztu genuen Ikastolen Elkartean. Ikastola eraldatu nahi genuen, eta eraldatu nahi dugu, eta uste genuen Ibilaldiak lagun zezakeela. Eraldaketa batean, komunitateak ere bat egin behar du zurekin, eta Ibilaldiak lortu du guraso guztiek bat egitea, elkarlanean aritzea. Komunitatea indartu du, herrian presentzia handiagoa daukagu orain, eta abar. Ikusten genuen ikastolak eraldaketa bat behar zuela, eta uste genuen Ibilaldiak horretan lagunduko zuela. Uste dut lortu dugula. Ikastolako proiektu berrietan inbertituko dugu jasotzen den dirua.

Zer irizten diozu urte osoan egindako lanari?

Oso ondo joan da. ibilaldi baten lekukoa hartzea, jakina denez, ez da egun bateko lana, baizik eta urte osokoa. Lan gogorra da, baina gurasoek oso ondo erantzun dute, eta uste dut Ibilaldiak lortu duela komunitatea indartzea, denok bat egitea helburu baten alde, hain zuzen euskararen eta ikastolaren alde.

Lortu duena da denok bat egitea. Ikasleak ere oso parte hartzaileak izan dira. Haiek egin dituzte kantaren hitzak, adibidez, eta beste hainbat ekinalditan ere oso ondo erantzun dute.

Igandean ere izango da lanak non banatua.

Bai. Komunitate osoa elkarlanean arituko gara, orain arte moduan. Izan ere, elkarlanean aritu urte osoan ere ikasleak, irakasleak, gurasoak eta komunitateko kideak. Elkarlan hori guztia lortzea zaila da agian Ibilaldi bat ez baduzu tartean. Baina auzolanean aritu gara jai eta aste. Polita da sortu den giroa. Harremanak sendotu egin dira, eta zuzendaritzarekiko berarekiko harremanak ere gerturatu egin dira.

Dena gertu iganderako?

Bai, noski! Gonbidapena egin nahi nuke denak Ibilaldira etortzeko. Gustu guztietarako egitaraua prestatu dugu, oparoa eta denetarik daukana. Aurten larunbatetik egongo da gune bat zabalduta, azkenean asteburuko ekitaldi bihurtu da-eta Ibilaldia. Giro bat sortuko da bezperatik, igandera giroa berotuta iristeko.

Bestalde, ikastolako komunitateari esango nioke harro egoteko moduko ikastola dugula Eguzkibegirekin. Eta orain arteko elkarlan horretan jarraitzera deia egingo nioke. Hezkuntza proiektu polita dugu esku artean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.