Sacramento Pinazo. Gizarte psikologiako irakaslea

«Esperientzia eta ezagutzak gizartearen zerbitzura jar ditzakete adinekoek»

Erretiroa hartutakoan betiko bizitza aktiboari eusten saiatu behar dela dio Pinazok. Gaur egungo adinekoak osasunez sasoiko eta ezagutzetan jantzita daudela uste du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Valentziako Unibertsitatean psikologia irakasgaia emateaz gain, adinekoen eta gazteen arteko harremanak sustatzeko programak bultzatzen ditu Sacramento Pinazok. Hartu Emanak elkarteak gonbidatuta Euskal Herrian izan da. «Gizartea adin taldetan zatitu dugu, eta bakoitza bere antzeko direnekin baino ez da bizi», dio.

Geroz eta gehiago dira erretiroa hartu ostean sasoiko jarraitzen dutenak. Hala ere, gauetik goizera eguneroko jarduera gehiena galtzen dute.

Pertsona asko ez daude erretirorako prest, eta, batez ere, psikologikoki prestatu behar dute. Aurrerantzean bizitza ez da kanpotik ezarritako ordutegi baten menpe egongo. Norberak erabakiko du eguna nola antolatuko duen. Gehienek ez dute prestaketarik egiten, eta ezustean harrapatzen dituzte erretiroak. Eta horrek depresioa eragiten die; kasu batzuetan latza, gainera.

Nola prestatu gaitezke aurrez?

Nahi izanez gero, ikastaro bereziak daude. Aldaketa ekonomikorako prestatzen da pertsona, adibidez. Soldata apala edo handia izan, beti izango da pentsioa baino handiagoa. Hortaz, gastuak kontrolatzen ikasi behar da. Baina aldaketak beste arlo batzuetan ere izaten dira: giza harremanetan, parte-hartzean... Lanean gauden urteetan orduak igarotzen ditugu lankideekin. Erretiroa hartutakoan nork ordezkatuko ditu? Beharrezkoa da lagun berriak egitea.

Zer aukera daude aktibo segitzeko?

Belaunaldi arteko harremanetarako programak, unibertsitateek eskaintzen dituzten esperientzia gelak, gizarte ekintzarako elkarteak eta enparauak existitzen direla deskubritzea askorentzat garrantzitsua izan da. Valentziako Unibertsitateko esperientzia gelen ardura ere badut. Erretiroa hartu zutenetik zer egin ez dakitela luzaz ibili ostean, bat-batean esperientzia gelak existitzen direla esan diete, eta zer diren ondo jakin gabe ematen dute izena. Batzuek esan izan didate: «Etxean sekulako depresioarekin egon naiz, bakartuta. Oso aktiboa nintzen, banketxe bateko zuzendaria, institutuko irakaslea, eta erretiroa hartutakoan, ez nuen etxean egon beste zereginik. Eskerrak esperientzia gelen berri izan dudala!».

Familiak zer egin dezake kasuotan?

Gure bizitzako krisi eta trantsizio guztietan sekulako garrantzia dauka, babes sistema modura. Erretiroaren kasuan, baina, ez dakite zer egin. Senarra edo emaztea, aita edo ama, tristatzen eta moteltzen ari dela ikusten dute. Gainera, sarri beste bizitzako une garrantzitsu batekin bat egiten du: seme-alabak etxetik joaten dira. «Bat-batean, lana utzi dut, eta seme-alabak ez dira etxean bizi. Hau da bakardadea!». Eta, zoritzarrez, ezintasunen bat agertzen hasten bada, akabo!

Zer da zahartze aktiboa?

Zahartzeko modurik onenaren bilaketa. Pertsonok hobetzen jarraitu behar dugu, ordura arteko gaitasun psikologikoari, fisikoari eta sozialari eutsiz. Bereziki, gizarte parte-hartzea ezin da alde batera utzi. Harremanek autoestimua hobetzen dute.

Adineko askok aitona-amona lana barik, guraso lanak egiten dituzte. Hori ona al da?

Ona da bilobak zaintzea, bai aitona-amonentzat bai bilobentzat. Aitona-amonek gurasoek kontatzen ez dituzten kontuak kontatzen dituzte. Bizitza beste modu batera bizitzen erakusten dute. Aitona-amonek dedikazio gehiago eskaintzen dute, bizitzaz lasaiago gozatzen irakasten dute. Gurasook ezin dugu halakorik egin, presaz bizi baikara. Eta aitona-amonentzat ere ona da. Erabilgarri sentitzen dira. Akaso guraso izan zenean seme-alabekin egoteko asti gutxi izan zuen lanagatik. Orain du horretarako astia. Baina, kontuz! Aitona-amonek haiek nahi duten beste denbora egon behar dute bilobekin, eta ez gehiago. Aitona-amonek aitona-amonen rola bete behar dute, ez gurasoena.

Zer dira belaunaldi arteko programak? Zer helburu dute?

Belaunaldien arteko harremanak sustatzeko programak dira. Aitona-amonen eta biloben arteko harremanaren parekoa litzateke, baina familiaz kanpo. Adineko jendeak euren esperientzia, ezagutza, gaitasunak, gizartearen zerbitzura jar ditzakete. Hain zuzen ere beste belaunaldi batzuen eskura. Nik Gandian [Herrialde Katalanak] Help Me!izeneko programa zuzentzen dut, Europako programa orokorrago baten barruan. Ikasketak utzi nahi dituzten gazteen tutore lanak egiten dituzte adinekoek, eta emaitza onak lortzen ari gara.

Zer garrantzia edo hedapen dute programa horiek?

AEBetan duela 30 urte hasi ziren. Hemen, ordea, kontu berria da. Gandiako adibidera itzulita, 15 bikoterekin ari gara lanean. AEBetan sei milioi dira! Horra iristeko asko falta zaigu. Edonola ere, apurka-apurka asko egingo dugu. Hainbat topaketa antolatu dira, eta gaia ezagun egin dugu.

Adinekoa bakarrik sentitzen al da?

Batzuk bai, baina ez gazteak baino bakartiago. Adinekoa galerak barneratuz joan da bizitza osoan, bakardadera ohitzen. Gaztea, ordea, ez dago ohituta. Nagusiek, oro har, ez dute uste den besteko bakardadea sentitzen.

Urte luzez bikotekide izandakoaren galera gogorra izango da ala?

Noski. Hala ere, galerarik gogorrena seme-alabena da, ez baita horrelakorik espero. Baina, bai, alarguntasuna latza da. Sarri adinekoen egoitzara joateko lehen urratsa izaten da. Inoiz sukaldean aritu ez den gizonezko batek zer egingo du bakarrik geratzen denean? Ba, alabaren etxera joan edo egoitzan sartu.

Alargunen kasuan, ordura arte izan duten independentzia edo autonomia mantentzea komeni da?

Beti. Ez dago etxean zahartzea eta etxean hiltzea baino hoberik. Bakarrik bizitzen ikasi behar da, horretarako gai dela onartu. Garrantzitsua da kaleko harremanak estutzea, lagun berriak egitea, joan den jendeak utzitako hutsuneak betetzea, bizitzari gogor heltzeko arrazoiak aurkitzea azken batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.