Erraustegia

Espero baino jende gehiago bilduta, gustura dira giza katearen antolatzaileak

Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lotzeko behar ziren 5.000 lagunen langa erraz gainditu du giza kateak. Antolatzaileek mezua helarazi diete alderdi eta instituzioei: "Hitz egiteko prest gaude, baina, nahi ezean, aurrean izango gaituzue". Bideoa: giza katea. (Andoni Canellada / Argazki Press) [youtube]https://youtu.be/3MDIn6qn7DQ[/youtube]

arantxa elizegi egilegor
2016ko maiatzaren 29a
11:47
Entzun

Ibilbidean giza katea osatzeko 5.000 lagun beharko zirela aurreikusi zuten antolatzaileek, baina kopuru hori "nabarmen" gainditu zutelako, gustura dira. "Giza katearen haria zati askotan hirukoiztu eta beste askotan mataza izan da. Beraz, otsailean Zubietako Martxan gertatu zen bezala, aurreikuspenak oso modu nabarmenean gainditu dira", azpimarratu dute.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, asko izan ziren azken minutuetan ekimenarekin bat egin dutenak, Lasarte-Oriako zatian, esaterako, mila lagun elkartu dira, antolatzaileek eskatutako kopurua hirukoiztuz. Hala, eskuak elkarri lotuta, kateatu egin zituzten Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia, errustegiak izan ditzakeen osasun arriskuez ohartarazteko.

Bi guneak lotuta, antolatzaileek lekuko bat eraman zuten Onkologikotik Foru Aldundiraino, eta hura katearen aurretik igaro ahala, jendeak eskuak askatu eta Gipuzkoa Plazaraino jaitsi zen. Clara Peralesek hartu zuen han hitza. Perales Madrilen bizi da erraustegi baten alboan, eta osasun arazo larriak izan ditu. "Erraustegi baten inguruan bizitzeak malformazio, minbizi eta bihotz arazoak sortzen ditu", ohartarazi du. "Zuek garaiz zaudete oraindik".

Oharra instituzioei

Ekitaldiaren amaieran alderdi eta instituzioei oharra: "Prest gaude hitz egiteko, baina, nahi ez baduzue, aurrean izango gaituzue". Teresa Lopez de Munainek irakurri zuen Erraustegiaren Kontrako Mugimenduaren mezua: "Nafarroak ez du erraustegirik, Arabak ere ez. Zergatik Gipuzkoak bai? Gure eta gure seme-alaben osasunak zuen irabaziek baino gehiago balio du!".

Ondoren, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide Xabier Mitxelena medikuak irakurri zuen lekukoaren barruan ekarritako mezua. Mitxelenak ohartarazi du frogatuta daudela erraustegiak osasunarentzat dituen arriskuak, "baina ez dute halakorik jakiterik nahi". Hala, ondorio horiek onartu eta "zintzotasunez" jokatzeko eskatu die agintariei, eta erraustegia eraikitzeko asmoak bertan behera uzteko. Txalo zaparrada batekin amaitu dute protesta foru aldundira joan direnek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.