Ezustekorik ez zen izan atzo EAJren VI. Batzar Nagusian alderdiaren zuzendaritzako zortzikoa hautatzeko saioan. Esperotakoa bete zen, eta gipuzkoarrek burukide bat galdu zuten Euzkadi Buru Batzarrean, arabarren mesedetan. Hiru emakumek eta bost gizonek osatuko dute alderdiaren zuzendaritza taldea datozen lau urteotan: Bizkaitik, Nekane Alonso, Joseba Aurrekoetxea, Lorea Bilbao, Iñaki Goikoetxeta eta Koldo Mediavillak; Arabatik, Pilar Garcia de Salazar eta Gonzalo Saenz de Samaniegok; eta Gipuzkoatik, Aitor Olaizolak.
Alderdi barruan idatzi gabeko legea izan da ordezkarien banaketa, lurraldekako afiliatu kopuruari jarraiki: Bizkaiak bost, Gipuzkoak bi eta Arabak bat. Adostasun hori hautsi egin da oraingoan, baina ez da lehen aldia, 1996an ere kide bakarrarekin geratu baitzen Gipuzkoa. Edonola ere, salbuespen hori «naturaltasunez» gertatu dela diote alderdiko iturriek.
Hala, Iñigo Urkulluren hurbilekoek osatu dute talde berria. Aurreko zuzendaritzatik, Olaizolak, Aurrekoetxeak eta Goikoetxetak baino ez dute jarraituko, eta EBBtik irtengo dira Belen Greaves —orain arteko idazkaria—, Amaia Espinosa, Jose Mari Zalbidegoitia, Aitor Alzola eta Irune Berasaluze.
Burukide berrien artean Koldo Mediavilla kazetaria da ezagunena, kargu esanguratsuak izan baititu Bizkaiko Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan. Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren aholkulari izandako Pilar Garcia de Salazar ere berreskuratu du Urkulluk. Juan Jose Ibarretxeren exekutibotik, berriz, Nekazaritza sailburu izandako Gonzalo Saenz de Samaniego hartu du. Nekane Alonso Bilboko Berdintasun zinegotzia eta Lorea Bilbao Bizkaiko batzarkide ohia dira beste bi burukide berriak.
Gaur hautatuko dute berriro Iñigo Urkullu EBBko lehendakari, eta zuzendaritza berriak ebatziko du nor izango den EBBko idazkari berria, datorren astean egingo den lehenengo bileran. Mediavillaren izenak du indar gehien postu horretarako, Belen Greavesen ordez. Hala gertatuko balitz, emakumerik ez litzateke ia geratuko EBBren postu garrantzitsuetan, Iparraldeko Buru Batzarra baino ez baita andrazkoa: Txaro Goikolea.
Estatutu aldaketa
EAJren estatutuen aldaketa abenduan onartu zuten arren, atzoko batzarrean berretsi egin zituzten aldaketok. Alderdiaren Batzar Nagusiko kide kopuruan dago jauzi esanguratsuena: orain arte 71 kide zeuzkan, eta hemendik aurrera, berriz, ehun edukiko ditu.
Lurralde bakoitzak hamabost ordezkari finko izango ditu, Iparraldeak izan ezik, bost lagun baino ez baititu izango batzarrean; diasporaren aldetik ere bost kide egongo dira bertan. Lurralde bakoitzeko gutxieneko hamabost kide horietatik aurrera, afiliatu kopuruaren araberako ordezkapena izango dute lurraldeek. Hartara, Bizkaiak izango du indar handien batzarrean, bertakoak baitira alderdiko 33.000 afiliatuetako 24.000.
Era berean, auzi juridiko batean inputatuta dauden afiliatuen militantzia bertan behera uzteko aukera onartu dute estatutuetan. Bateraezintasunen alorrean ere aldaketa txikiak egin dituzte, batez ere tokiko taldeetan: ehun afiliatu baino gutxiagoko herrietan, udal erakundeetako kideek zinegotzi eta alkate karguak hartu ahal izango dituzte, orain arte ez bezala.
Espero bezala, Gipuzkoak burukide bat galdu du Arabaren mesedetan
Hiru andrek eta bost gizonek osatuko dute zuzendaritza, eta zortzi burukideetako bost Bizkaikoak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu