Espero ziren ibilgailuen %61 igaro dira Supersurretik, zabaldu eta urtebetera

Bizkaiko Diputazioak krisiari egotzi dio Bilbo hegoaldeko saihesbidean zirkulazio iragarpenak ez betetzea

Bilbo hegoaldeko ingurabidea, iazko irailaren 10ean, inauguratu zuten egunean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen baino 9.000 ibilgailu gutxiago igarotzen dira egunean, batez beste, Bilbo hegoaldeko saihesbidetik, Supersur izenez ezagutzen den bidetik. Diputazioak 23.000 ibilgailuko zirkulazioa espero zuen egunero, eta 14.000 dira errepidea erabiltzen dutenak. Aldundiak iragarritako auto kopuruaren %61, beraz.

Iazko irailaren 10ean zabaldu zuten ingurabidea, eta atzo eman zuten lehen urteko balantzearen berri. Bizkaiko Herri Lan eta Garraio diputatu Itziar Garamendik ezagutarazi zituen datuak, eta egoera ekonomikoa jo zuen aurreikuspenak ez betetzearen erantzuletzat: «Horrek ez du zalantzan jartzen azpiegitura horren beharra». Ingurabidea egitea «premiazkoa» eta «gizartearen eskari bat» zela adierazi du Garamendik, eta erantsi du bideari esker ez direla Bilbotik igarotzen «milaka ibilgailu astun eta gai arriskutsu». 821 milioi pagatu zituen diputazioak lanak egiteko.

Oposizioko alderdiei ere mintzatu zaie Garamendi. Salatu zuten Txorierriko korridorea ibilgailuz beteko zuela errepide berriak, baina halakorik ez dela gertatu erantzun du Garamendik.

Kamioiek A-8 errepidea erabiltzeari uzteko egin zuten, hein batean, Bilbo hegoaldeko ingurabidea. Lehen urtean, ordea, ingurabidea izan da garraiolari askok saihestu dutena. Bidesarien prezioa murriztu zien aldundiak kamioilariei, errepidea ireki eta hilabetera. Diputazioaren iragarpenen arabera, 9.400 kamioi ziren egunean bide berritik igarotzekoak, baina 3.200 eta 3.800 artean baino ez dira pasatzen.

Bidesarien proposamena

Atzo aurkeztu zuen Larraitz Ugarte Gipuzkoako Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, AP-8 eta AP-1 errepideak erabiltzeagatik hilean gehienez 25 euro ordaintzeko proposamena. Ugarteren arabera, eredu hori ezartzeak 1,3 eta 1,8 milioi euro bitarteko gastua izango luke urtean. Errepideen mantenurako Bidegiren eta Bidelanen arteko kontratuak 1,3 milioi murriztuta orekatu nahi du aldundiak gastu hori.

Bidegiko administrazio kontseiluak eta Gipuzkoako diputatuen kontseiluak onartu dute txostena, eta batzar nagusien onespena behar du orain. Ugartek ziurtatu du proposatutako sistemak mesede egingo diela 15.000 auto gidari ingururi, eta horren garrantzia nabarmendu du egungo egoera ekonomiko «larrian». Gaineratu du bidesari «arbitrarioek» sortutako «bidegabekeriak» amaitzea izan behar duela proposamenaren helburua.

EAJko batzarkide Aintzane Oiarbidek jakinarazi du bere taldeak proiektua babestuko duela. Hala ere, uste du errepideak finantzatzeko Bilduren eredua «ezkutatzeko obsesioa» dagoela proposamenaren atzean. PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, esan du bere taldeak ez duela horren kontra egingo, planteamendua «positiboa» delako, nahiz eta «osoa» ez izan. Kritiko izan da PP diputazioaren proposamenarekin. Iñigo Manriquek esan du adabaki bat baino ez dela, eta Ugarteri galdetu dio zer dela-eta aurrez daitezkeen 1,3 milioi euro errepideak berritzeko lanetan. Aralarreko Rebeka Uberak, ordea, beharrezkotzat jo du aldundiaren neurria: «Mesede egingo die autobideak erabiltzera derrigortuta dauden milaka bidaiariei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.