Euskal presoek espetxeetan bizi duten eskubide urraketa salatu eta egoera horren eragile den espetxe politika aldatzeko eskatu dute senideek. «Eskubiderik oinarrizkoenak ukatzen dituzten muturreko egoerak sortzen dituzten neurriak bukatu behar dira», exijitu zuen manifestazio bukaerako ekitaldian Egin dezagun urratsa ekimeneko Iñaki Olasolo kazetariak. Halaber, espetxe politika «gatazkaren konponbide demokratikoa ahalbidetuko duten parametroetan» kokatu behar dela ohartarazi zuen. Haren esanetan, prozesu horretan «preso politikoak eragile aktibo izatea ahalbidetu behar du».
Demokraziari bidea ireki behar zaiola adierazi zuen Olasolok, eta, horrekin batera, ehunka euskal herritar preso edo erbesteratuta egotea eragin duten arrazoiak desagerrarazi behar direla. «Konponbide demokratikoa ez da gauetik goizera iritsiko, eta preso politikoen etxeratzea ere ez da makila magiko baten bidez etorriko», iragarri zuen. Esan zuen euskal gizarteak atzo hasitako bidea egin ostean etorriko dela «guztiok elkarrekin egin beharreko bidea».
Azken urteetan euskal presoen kolektiboarentzat «sekulako Guantanamoa»eraiki dela salatu zuen Marifeli Etxeandia senideak. «Neurririk krudelenak asmatu dira kondena luzeak beteta ere, gaixotasun larriak izanik ere, preso politikoak kartzelan mantentzeko». Behin-behineko askatasuna eta baldintzapekoa ia ez direla existitzen eta isolamendua normalizatu dutela gogorarazi zuen. Neurriok «presoa moralki eta fisikoki deuseztatzeko erregimen zitala» direla esan zuen.
Sakabanaketak, gainera, preso daudenei ez ezik kanpoko senide eta lagunei ere eragiten diela azpimarratu zuen Etxeandiak. Barruan «zigorgabetasun esparruak handitzen» dituela zioen, eta kanpoan, berriz, senideek izaten dituzten istripuen batez bestekoa hilean behingoa dela ohartarazi zuen. «Errusiar erruleta zital honen ondorioz, hamasei senidek bizia galdu dute errepideetan».
Zigor osoa edo hiru laurdenak bete dituzten presoak, behin-behineko espetxealdia ezarri zaienak, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeko eskatu zuen Etxeandiak. Baita bakartze edo isolamendua bukatzeko eta euskal presoak eskubide guztien jabe Euskal Herriratzeko ere. Manifestaziora bildutako jendetzak txaloka babestu zituen banan-banan haren eskariak.
Gizarte osoaren konpromisoa
Euskal presoen egoera are gehiago ezagutarazteko lana euren gain hartu zuten, eta manifestazioan parte hartu zutenei ere beste horrenbeste eskatu zieten. «Madrilen eta Parisen ez dugu aldaketa zantzurik sumatu. Orain hemen gure ingurura begiratuz gero, presoak eskubideen jabe etxeratzeko indarra dugula konturatu gara».
Hala, herritar bakoitzak egin dezakeenak berebiziko garrantzia duela esan zuen Etxeandiak: «Bete ditzagun balkoi guztiak bandera hauekin. Euskal Herria banderaz bete dezagun». Hileroko azken ostiraletan kaleak betetzeko deia ere egin zuten: «Azken ostiralak ez daitezela ahaideen bilgune izan, Euskal Herriko gizarte osoaren konpromiso irmoa baizik».
Espetxe politika indargabetzeko eskatu dute senideek
Euskal preso eta iheslarien eskubide urraketa banderak jarrita ezagutarazteko dei egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu