Etxerat elkarteak ohartarazi duenez, azkenaldian euskal presoak kartzeletan jasaten ari diren egoerak erakusten du Espainiak eta Frantziak ez dutela «aurrerapausorik emateko inongo asmorik». Alderantziz, espetxe politikan «atzerapausoak» ematen ari direla salatu dute: zigor etengabeak ezartzen ari zaizkiela euskal presoei, horiei erasotzeari ere ekin diotela eta sakabanaketan sakontzen ari direla. Egoera irauli beharraz ohartarazi dute Natxi Aranburuk eta Ane Miren Ganboak presoen senide eta lagunen elkartearen izenean: «Espetxe politika hau berehala amaitzeko exijitzen dugu».
Elkartearen esanetan, «hainbeste sufrimendu eragiten duen espetxe politika krudelarekin jarraitzeko asmoa» du Espainiako Gobernuak. Horixe erakusten du, haren ustez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek banan-banan muturreko egoerak indargabetzeko eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko egindako eskaerei Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak ezezkoa eman izanak. Etxerat-ek azaldu du sakabanaketa amaitzeari eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak zein zigor osoa edo hiru laurdenak beteak dituztenak askatzeari eman diola ezezkoa Espainiako Gobernuak, eta horrek eskubideak urratzen jarraitzea esan nahi duela. «Espainiako Gobernuak gure bizitzarekin eta gure senideenarekin jolasten jarraitzeko borondatea erakutsi du», esan du.
Frantziako Gobernua ere bide beretik ari dela salatu dute senideek. Presoak Euskal Herritik are gehiago urruntzeari ekin diola. Horixe egingo du laster Ruben Ribero eta Ibon Goieaskoetxea presoekin; Frantziako La Sante eta Villepinte espetxeetatik Villefranche Sur Saone espetxera eramango dituzte. Espetxe hori, Euskal Herritik urrunago egoteaz gain, zailtasunez betetako bidaia luze baten sinonimo da; «senideentzat askoz eskuragaitzago dago». Hori salatzeko, Villapinten dauden Borja Gutierrez eta Ibon Goieaskoetxea gose greban daude otsailaren 4tik, eta Joseba Fernandez, protestan.
Eraso fisikoak
Frantziako Dijongo espetxean ere, arazoak dira nagusi euskal presoentzat. Etxerat-ek behin eta berriz salatu duenez, Itziar Moreno eta Oihana Garmendia etengabeko zigorrak eta «probokazioak» jasaten ari dira. Ez hori bakarrik; Morenori espetxezain batek fisikoki eraso diola salatu du elkarteak. Espainian, Xabier Arinari eraso egin diote espetxezainek eta guardia zibilek, Puerto IIIn.
Berriki bestelako erasoak ere jasan dituzte euskal preso askok: miaketa «bortitz eta zorrotzak» izan dituzte urtarril amaieran eta otsail hasieran Albolote, Alcala, Almeria, Aranjuez, Caceres II, Castello I, Cordoba, Soto del Real, Topas, Valentzia III eta Poitiers Vivonne espetxeetan dituzten euskal presoek, besteak beste.
Baita presoen senideek ere. Xabier Alegria presoa ikustera joan zen 15 urteko iloba miatu nahi izan zuten espetxezainek, esaterako. Halakorik gertatu zaien lehen aldia dela eta egoera errepikatuz gero «neurriak» hartuko dituztela jakinarazi dute senideek, adingabeko pertsonak miatzearen larritasunaz ohartarazita.
Iñaki Fagoagaren senide bat kristal atzeko bisita egiteko miatu dutela ere salatu dute, eta paper bat sinarazi diotela. Baina senideek ez dute etsitzeko asmorik: «Trikimailu hauekin gu izutzea eta gure senide eta lagunak bisitatzeari uztea lortu nahi dute, baina guk argi dugu ez ditugula alde batera utziko eta astebururo milaka kilometro egiten eta etengabeko erasoak saihesten jarraituko dugula, gure senide eta lagunak gurekin izan arte».
Bien bitartean, presoen eskubideen aldeko lanean jarraitzeko deia egin, eta Herrirak antolatuta ostiralean egingo diren mobilizazioetara joateko eskatu dute.
Espetxe politikan «atzerapausoak» ematen ari direla salatu du Etxerat-ek
Espainia eta Frantziako kartzeletan euskal preso eta senideen aurkako neurriak gogortzen ari direla ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu