«Espetxe onuren barruan dauden abantailek eskubide izan beharko lukete gaur egun». Jose Mari Loizagak, Arabako hiesaren kontrako batzordearen harrera pisuetako hezitzaileak, irmo defendatu du ideia hori. Europako zenbait herrialdetan baldintzapeko askatasuna eskubidetzat jotzen dutela gogorarazi du, besteak beste. Alegia, kartzela zigorraren azken zatia komunitatean betetzeko eskubidea du presoak, espetxeko jarraipen batzordeek erabakitzen dutenaren menpe egon beharrean. «Gizartean bizi daitekeela frogatzeko balio du horrek».
Zigorrak espetxean betetzearen aldean dauden beste aukera batzuk dituzte hizpide egunotan Gasteizko Apaiztegian, beste zenbait gairen artean. Gaur egun dauden baliabideen berri eman zuten ostegunean Loizagak eta Ana Zatonek, presoei laguntza emateko ADAP elkarteko harrera etxeetako hezitzaileak. Zatonek, hain zuzen ere, nabarmendu zuen espetxea ez diren beste bide batzuk behar direla gizarteratzea lortzeko. «Kartzela uztear dauden pertsona batzuk beldur dira, beren burua ez dutelako prest ikusten».
Loizagaren ustez, espetxeek egiten duten «bakartzearen» ondorio dira beldur horiek. Komunitatearekin harreman gehiago ez izatearen fruituak. Arazoaren adar guztiei ez heltzearen emaitza. Nabarmendu zuen pertsona bakartzen saiatu arren arazoak ez direla desagertzen. Espetxean daudenak aita eta ama dira, guraso edadetuak dituzte, gaixo dauden senideak... «Komunitateari arreta eman behar zaio, gazteei kasu egin. Presoen familiak ere sufrimenduaren parte dira».
Presoek familiarekin duten harremanaren garrantzia gogorarazi zuten, eta horri ere heldu behar zaiola zehaztu zuten. Besteak beste, familiarekin harremana galdu duten presoen egoera jarri zuten mahai gainean. Zenbait kasutan, familiak berak bizkarra eman dio presoari, bizitako egoera guztien ondorioz, eta horrek espetxetik ateratzea zailtzen dio. «Egun batzuetarako baimena baliatzeko, joateko leku bat behar dute, baina batzuk espetxean geratzen dira nora joan ez dutelako». Gaur egun, hamar presotik batek ez du nora jo espetxetik ateratzean.
Baliabide gehiago behar
Loizagak zehaztu zuen kasu bakoitza aztertu beharko litzatekeela zigorrak espetxetik kanpo betetzeko aukerak ebaluatzean. Dena den, horretarako behar beste baliabide ere egon beharko liratekeela gaineratu zuen. Ordea, Zatonen ustez, gaur egun ez dago horrelakorik. Adierazi zuen elkarteek baino ez dituztela kudeatzen espetxetik ateratzen diren pertsonen gizarteratze zerbitzuak. «Gasteizen zenbait etxe daude, baina ez dira nahikoak». Hutsune horiek zuzentzeko instituzioak gehiago inplikatu beharko liratekeela gaineratu zuen, presoen arretarako sarea elkarteen esku soilik utzi beharrean.
Zigorrak espetxetik kanpo betetzeko beharraren barruan, gaixo dauden presoen egoera izan zuten hizpide, batez ere buruko gaitzak dituztenena. Kartzelan preso dauden pertsonen laurdenei noizbait buruko gaitzen bat atzeman diete, eta ehun presotik bostek buruko gaitz larriak dituzte. Langraiz Okako (Araba) espetxe berriko erietxeak berak psikiatriko kutsua duela gaineratu zuen Loizagak, kartzela behar horretara egokitu izan balitz bezala. Ordea, gaixo horiek beste nonbait artatu beharko liratekeela gaineratu zuen. Zatonek ildo horretan sakondu zuen: «Zigorra betetzen duenean, zer egiten dugu pertsona horrekin? Zer gertatuko zaio kalean dagoenean?».
Espetxeen eta gizartearen arteko aldea eraikinen kokapenean bertan islatzen dela gaineratu zuten biek. Zaballako espetxeak garraio publikorik ez duela gogorarazi zuten, eta gertuen dagoen herria lau kilometrora dagoela, N-1 errepidearen beste aldean. Loizagaren arabera, bakartze horrek areagotu egiten du ateratzen diren presoen eta senideen sufrimendua.
Espetxe politiken ardatzak
Proposamen eta kasu gehienak epaileak zigortutako pertsonei buruz izan ziren arren, Zatonek gogorarazi zuen zigorra jaso aurretik ere lan egin daitekeela. «Bitartekaritza ez da behar beste erabiltzen; bi aldeak bata bestearen aurrean elkartuz gero, asko ez lirateke epaitegietara helduko».Loizagaren ustez, ordea, egungo eredua gizartearen «kultura zigortzailean» oinarrituta dago. Are gehiago, uste du askatasuna galtzearen gogortasuna ez dagoela behar bezain sustraitua. «Jendea ez da ohartzen askatasunik ezak dakarren sufrimenduaz, eta zigor luzeagoak eskatzen ditu».
Apaiztegia espetxe politikarekin zerikusia duten gaien bilgune izaten ari da iragan astelehenetik. Espetxe barruko bizipenak, osasuna kartzela barruan, zigor sistema, adingabeak... Expocarcel erakusketaren aitzakiarekin, gisa horretako hainbat gai jorratu dituzte, eta horretan jarraituko dute otsailaren 8ra arte.
Bihar, espetxe barruko heziketa programei buruz eztabaidatuko dute apaiztegiko areto nagusian, eta, etzi, emakumeak espetxean duen egoerari buruz ariko dira. Azkenik, otsailaren 8an elkarteek espetxeen inguruan egiten duten lanari emango diote lehentasuna. Hitzaldiak asteazkenean bukatuko diren arren, Expocarcel erakusketa larunbatera arte zabalik egongo da Gasteizko Apaiztegian.
Espetxea, gizarteratzeko hesia
Espetxe abantailak eskubide bihurtzeko proposatu dute, zigorra kartzelan betetzearen alternatiba moduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu