Asteartean Senperen atxilotutako bi gazteetako bat —Naia Lacroix— espetxeratzeko agindu du Parisko auzitegiko epaileak. Astearte goizean atxilotu zituen Frantziako Poliziak Naia eta Audrey Lacroix ahizpak, Senperen. Terrorismo gaiak lantzen dituen Parisko fiskalak agindu zuen polizia operazioa, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, higiezinen aurkako «eraso saioa» egin izana leporatua diete bi gazteei. Odre Lacroix asteazken gauean askatu zuten, Paueko polizia etxean bi egun igaro ondoren. Naia Lacroix herenegun eraman zuten Parisera, eta atzo pasatu zen epailearen aurretik. Epaileak Fresnesko espetxera igorri du, behin-behinean preso.
Atxiloketa horien aurka protesta ekimenak egin dituzte astean osoan Senperen eta Kanbon, eta eragile ugarik eskatu dute haien askatasuna. Atzo Donostian eginiko agerraldi batean, Euskal Herriko eragile ugarik babesa eta elkartasuna helarazi zieten Lacroix ahizpei eta haien senide eta lagunei. Eragile horien arabera, Frantziako eta Espainiako estatuek «zurrunbilo errepresiboan murgilduta» jarraitzen dute; hala erakusten dute astearteko polizia operazioak eta «norabide berean eraikitzen dituzten diskurtsoek». Salatu dutenez, bake eta normalizazio prozesuaren aurkako «eraso bortitza» izan da azken polizia operazioa, atxilotutako bi gazteen eskubide zibil eta politikoak «zanpatu» eta pertsona horien jardun politikoa «kriminalizatu» nahi izan dutelako» — Segiko kide dira bi gazteak; Ipar Euskal Herrian legezkoa da gazte erakunde hori—. Eneritz Otamendi EHNE sindikatuko kideak eta Andoni Rojo Gazte Independentistak taldekoak egin dute salaketa, besteak beste, Gernikako Akordioa sinatu duten alderdiek eta sindikatuek babestutako adierazpen baten bidez.
Eragile horien arabera, «zail da ulertzea euskal gazteriak betirako gatazkaren konponbidea ekarriko duten bideen alde apustu argi eta sendoa egiten duten bitartean, espainiar zein frantziar agintari politikoek entzungor egin eta gazteria euren jo puntuan jartzen jarraitzea». Hori hala, Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete Euskal Herriko «gehiengo zabalaren» eskaerak aintzat hartu eta konponbide prozesuarekin engaiatzeko. «Ez da errepresio eta oztopoen garia. Jendartean entzuteko garaia da», adierazi dute.
Senpereko hautetsien babesa
Bestalde, Senpere Egun eta Bihar udal taldeak agiri bat zabaldu du atxiloketak salatzeko eta poliziek erakutsitako «jarrera bortitza» deitoratzeko.
Poliziak astearte goizean atxilotu zituen bi gazteak. Gurasoen etxea miatzen ari zirela, tentsio uneak izan ziren kalean, eta poliziek negarra eragiteko gasak erabili zituen atxilotuei elkartasuna adieraztera joandako herritarren aurka. «Gaur egun, aterabide demokratiko baten aldeko aro berri honetan, elkarrizketa beharrezkoa dugu, gure geroa lasaitasunean eta berdintasunean iragan dezagun», azaldu dute Senpereko hautetsi abertzaleek.
Espetxera igorri dute asteartean atxilotutako Naia Lacroix gaztea
Gernikako Akordioak estatuei eskatu die konponbide prozesuarekin engaiatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu