Pozik dago Amaia Izko abokatua hainbestetan emandako argudioan arrazoia eman diolako Estrasburgoko Auzitegiak. Berak jarri zuen Ines del Rio Pradaren helegitea. Baina, argi dauka ebazpenak eragin zabalagoa eduki behar duela, izan ere, Del Rioren egoera berberean daude 197/2006 doktrina aplikatu dieten euskal preso gehienak. Horretan saiatuko direla dio: «Orain arte gisan, ate guztiak jotzen jarraituko dugu eskubide horien errespetu efektiboa lortzeko».
Estrasburgok arrazoia eman dizu. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazio oso baikorra. Hasieratik argudiatu izan dugu Auzitegi Gorenak hartutako erabakiek eta gero Konstituzionalak berretsitakoek oinarrizko eskubideak urratzen zituztela, tartean askatasunarena eta baita atzera eraginkortasunarena ere. Hori da, hain zuzen ere, Estrasburgok orain esan duena. Oso-oso pozik nago, azkenean tribunal batek arrazoia eman diolako, guri baino gehiago eskubideen errespetuari.
Del Riorekin horrela gertatu baldin bada, gainerako kasuetan hala gerta daiteke?
Bai. Kasu berberean daude gainontzeko guztiak ere, alegia atzera eraginkortasunarekin aplikatu diete doktrina, eskubideak urratuz. Hori da Konstituzionalaren aurrean argudiatzen ari ginena. Doktrina aplikatu dieten jende gehiena kasu honetan dago.
Preso horien helegiteak Estrasburgora iritsiko direla eta emaitza berbera izango dutela pentsa dezakegu?
Estrasburgoko tribunalak esan badu egoera honek oinarrizko eskubideak urratzen dituela, nire ustez, Estatu espainiarrak ezin dio egoera horri eutsi. Ez da logikoa bakoitzak helegitea jarri behar izatea. Egoera bat bota du atzera, ez du esan Inesen kasuan zehaztasun batzuengatik urratu direla eskubideak. Ez. Esaten duena da horrela egiteagatik urratzen dituela eskubideak, atzera eraginkortasunarekin aplikatzeagatik. Beraz, egoera horretan dauden preso guztiak askatu beharko lituzkete.
Horretara bidean, zein urrats egingo dituzue?
Orain ari gara aztertzen. Hala ere, beste kontu bat da Estatuak jadanik esan duela ez duela asmorik Estrasburgori jaramon egiteko, eta bere eskubide urraketarekin jarraitu nahi duela. Ikusi beharko da zer jartzen duten martxan horretarako, eta erantzun beharko diogu. Gu aztertzen ari gara nola lortu ebazpen honek gainerako kasu guztietan eragitea.
Espainiako Gobernuak helegitea jarriko duela esan du, eta bitartean ez duela Del Rio aske utziko. Hori egin dezake?
Ikusi egin beharko da. Orain arte Estatuak erakutsi duena da berdin zaiola legediak urratzea bere egitasmoak aurrera ateratzeko. Beraz, egin? Nik uste dut egingo duela nahi duena, baina jarraituko du sakontzen eskubideen urraketaren bidean, eta egoera erabat ez demokratiko batean. Prest dagoela? Ikusi dugu eskubide guztien gainetik saltatzeko prest dagoela bere interesak aurrera ateratzeko, eta ematen du hori egiten segitu nahi duela. Ikusi beharko duguna da lortzen duen edo ez.
Orain Areto Handian jarriko du helegitea Espainiak. Jo dezagun doktrinaren kontrako ebazpena berresten duela hark. Orduan, arauz ez dago behartuta betetzera?
Orain ere bete beharko luke. Estrasburgoko Tribunalak esan duen bezain argi esatea urratzen ari direla preso batzuen eskubideak... bete egin beharko luke. Ez badu betetzen ez da tartea duelako edo zirrikitu juridikoak daudelako edo ez, ez badu betetzen eskubideak ez dituelako errespetatu nahi izango da. Ebazpena oso zehatza da zentzu horretan. Helegitea jartzeko eskubidea badu, baina lotsagarria da Estrasburgok hain argi esan, eta Espainiak onartu nahi ez izatea. Bete beharko luke, segituan!
Estrasburgori «terrorismoaren biktimekin» sentsibilitaterik ez edukitzea ere egotzi dio Fernandez Diazek. Zer iruditzen zaizu?
Argi dagoena da Estrasburgo ez datorrela bat Estatu espainiarraren asmoarekin. Espainiaren asmoa da biktimen asetzea jartzea eskubide guztien aurretik, eta Estrasburgo ez dago ados horrekin. Eskubide guztien gainetik biktimen nahia asetu nahi izatea ez da zuzenbidearen oinarria. Estrasburgok demostratu du errespetu handia duela eskubideekiko, Espainiako Estatuak ez bezala.
'Parot doktrina'. Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena. Amaia Izko. Ines del Rioren abokatua
«Estatuak erakutsi du berdin zaiola legediak urratzea bere interesen alde»
Espainiako Gobernua ez dago derrigortuta ebazpena betetzera. Betetzen ez badu eskubideak urratzea erabaki duelako izango dela dio Amaia Izkok. Ikusi egin behar dela lortzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu