Estatuari jarrera aldarazteko, antolatzeko eskatu dute

Lan politikoa egiten duten pertsonak «terroristatzat jotzea» oso larria dela salatu dute ELAk eta LABek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, «prozesu politikoa zapuzteko eginahalean dabiltza Espainiako agintariak», etahorregatik egin ditu atxiloketak. Aurrerantzean halako operazio gehiago etorriko direla ohartarazi du. Antolatzeko eskatu du, beraz: «Eragile politiko, sindikal eta sozialoi dagokigu errepresioaren aurkako lana antolatu eta areagotzea. Estatuak errepresioa gelditzera behartu behar ditugu, eta, horretarako, beharrezko izango dira kaleko mobilizazioa eta hainbat eremutatik egindako presioa».

Torturen beldur agertu da AAM. Iaz 63 tortura salaketa izan zirela ohartarazi du, eta atzo atxilotutako gehienak iazko irailean Guardia Zibilak beste atxilotu batzuen ahotik torturapean ateratako izenak direla azaldu du.

«Espainiako Gobernuaren etengabeko atxiloketa politika» salatu du ELA sindikatuak, eta «oso larritzat» jo du «sekula legez kanpo utzi behar ez ziren antolakundeen izenean ekimenak egiten dituzten pertsonak terroristatzat jotzea».

LABek «indarkeria helburu politikoekin erabiltzea» egotzi dio PSOEri; haren ustez, «herritarren sektore garrantzitsu batek aldaketa politiko eta sozialaren alde indarrak batu ditzala eragoztea» delako operazioaren xedea.

Aiala Zaldibar eta Igor Uriarte atxilotzea eta Espainiaren esku uzteko arriskua egotea salatu du Segik. Egoera Aurore Martin Batasuneko kidearenaren parekoa dela adierazi dute, eta, haren kasua salatzeko egin bezala, mobilizatzeko deia egin die eragileei.

Eguzki irratiak lagun duen Miguel Angel Llamasen atxiloketa salatu du, eta sarekada «herri mugimenduan lan egiten dutenen kontrako beste operazio bat» besterik ez dela esan du. Errugabetasun printzipioa aldarrikatu, eta kezka agertu du inkomunikazioan jaso dezakeen tratuagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.