Estatusari buruzko elkarrizketa sorta abiatu du Gure Esku-k, ELArekin hasita

Ezinbestekotzat jotzen du eragile sozialek eta herritarrek estatusari buruzko eztabaidan parte hartzea, eta, horrekin lotuta, gogora ekarri du ekainaren 7ko mobilizazio nazionalerako deia.

ELAren ordezkaritza batekin elkartu da Gure Esku-ko Josu Etxaburu. GURE ESKU
ELAren ordezkaritza batekin elkartu da Gure Esku-ko Josu Etxaburu. GURE ESKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 2a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak bilera sorta bat abiatu du eragile sozial eta politikoekin, estatusari buruzko eztabaida sustatze aldera. ELArekin hasi du bilera sorta.

Estatus berriari buruzko eztabaidak irekita daude Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, eta Ipar Euskal Herrian ere gogoetagai da eskumen gehiagoko marko bat ezartzea.

Gure Esku-k uste du horrelako prozesuak ezin direla egin eragile sozialen eta herritarren parte hartzerik gabe, eta horregatik abiarazi du bilera saila: «Haiek ere entzunarazi behar dute beren ahotsa. Horregatik, elkartu egingo gara haiekin, baita alderdi politikoekin ere: batzuen eta besteen iritzia entzungo dugu, eskatuko diegu eztabaida sozializatzen laguntzeko, eta dei egingo diegu burujabetzaren alde indarrak batzeko», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ko eledunak.

Lehen bilera giro onean egin dutela ondorioztatu du Gure Esku-k. «Uste dugu adostasun zabalak daudela herri honetan burujabetza tresna gehiago eta hobeak izatearen eta erabakiak bertan hartu beharraren inguruan».

Bestalde, gogora ekarri dute ekainaren 7an mobilizazio nazional bat egingo dutela, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Gonbidapena egin die denei parte hartzera, «herritarrak mobilizatzea nahitaezkoa baita testuinguru honetan; herri honen borondatea erakutsi beharra dago, Euskal Herriari buruzko erabakiak euskal herritarrek elkarrekin, demokratikoki eta beren aniztasunetik abiatuz hartzearen aldekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.