Eusko Jaurlaritzaren proposamena

Estatutu berri baterako proiektuak "elementu positiboak" dituela esan du ELAk, baina "kontsentsu nahikorik ez" duelako kritikatu du

ELA sindikatuko Batzorde Nazionalaren ustez, lehengo larunbatean Eusko Jaurlaritzak onarturiko Estatutu berri baterako itun poltikoak "elementu positiboak" ditu, baina ez du "kontsentsu nahikorik" eta "normalizazio politikora begira jarrita ditu helburuak". Halaber, Gizarte Segurantzari eta lan harremanei dagozkien arloak ez ditu jasotzen testuak, eta ELArentzat "kezkagarria" da hori, "ez baitira EAEko eskumen bezala planteatzen".

2003ko urriaren 28a
16:41
Entzun
Hori dela eta, gatazka politikoa gainditzeko marko berri baten alde eta autodeterminazio eskubidea defendatzen duten indarrekin "gutxienezko akordio" bat egitearen alde agertu da ELA sindikatua. "Jaurlaritzaren testuak dituen gabeziak ikuspuntu nazional batetik" begiratzen duen akordio politiko bat proposatzen du.

ELA sindikatuak agiri baten bidez eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren gaineko balorazioa, eta "egoeragatik eta borondate nahikorik ez delako egon", prozesu irekirik ez dela egon kritikatzen du. Alderdi politiko, sindikatu, eragile sozial, kultural eta ekonomikoek testu horren osaketan parte hartu behar zutela esan du ELAk, 2002ko uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrek onartu zuen erresoluzio bati erreparatuz.

Elementu positiboak

Hala ere, ELA sindikatuaren batzorde nazionalarentzat "elementu positibo garrantzitsuak" ditu testuak. Euskal Herriak duen autodeterminatzeko eskubidea eta eredu politiko aurreratu bat jasotzen duelako "pozik" agertu da ELA, "Espainiako Gobernuaren praktika politikotik aldentzen dena". Bestalde, proposamen artikulatu baten moduan aurkezteak eztabaida politikoa bizkortzen duela dio sindikatu abertzaleak, eta eztabaida hori parametro zehatz eta atzeraezinetan kokatzen duela.

Hiru alderdiren kontsentsuarekin bakarrik

ELAren ustez, ordea, Gasteizko Gobernua osatzen duten hirukoak osatutako proposamen bat da, eta hori dela eta "ez dute kontsentsu nahikorik, nahiz eta proposamena guztiz zilegia izan". Autodeterminazio eskubidearekin bat egiten duten alderdi eta eragile guztien arteko akordio bat beharko litzekela iritzi dio ELAk, "gutxienez oinarrizko zutabeetan". Akordio horietara iristea zaila dela uste du, baina horrela egiten ez bada Jaurlaritzaren egitasmoa "hankamotz" geldituko dela azpimarratu du, eta horrek "normalizazio politikoa lortzeko helburua mugatzen du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.