Autogobernua

Estatutu berria "osotasunean" errespetatzeko galdegin dio Eusko Legebiltzarrak Espainiari

EH Bilduren ekinbidea babestu egin du EAJk. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, eta kontra bozkatu dute PSEk eta PPk.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, osoko bilkura batean. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko apirilaren 19a
16:08
Entzun

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea lantzen ari den estatutu berria —Araba, Bizkai eta Gipuzkoari estatus politiko berri bat aitortuko diena— parlamentuan onartzen den moduan errespetatzeko galdegin dio legebiltzarrak Espainiako Gobernuari.

EH Bilduk aurkeztu duen ekinbideak jasotzen duenez, legebiltzarrak onartuko duen estatus politiko berriak "berme demokratiko guztiak" izango ditu, eta, beraz, Espainiari eskatu dio "Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren borondate askearen isla" izango den akordioa "demokratikoki" aintzat har dezala "bere osotasunean".

EH Bilduk ohartarazi du Espainian "atzerakada demokratikoa" ari dela gertatzen. Maddalen Iriarte legebiltzarkideak salatu duenez, Euskal Herriko nahiz Kataluniako erakundeen erabakiak indargabetzeko, "beto sistematikoa" erabiltzen, "legedia bihurritzen" eta "justizia maneiatzen" du Espainiak. Egoera horri aurre egiteko modu bakarra Euskal Herriaren subiranotasuna defendatzea da, Iriarteren esanetan.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak koalizioak aukeztutako proposamenaren izaera "demokratikoa" defendatu du, aldarrikatzen dena "oinarri demokratikoetan" eraikitako proiektu politikoa delako. Egibarrek gaineratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eta Espainiaren arteko harremana ezin dela mendekotasunean oinarritu; "elkarrenganako aitortzan eta errespetuan" baizik.

Elkarrekin Podemosek EH Bilduri leporatu dio Kataluniako eredua Euskal Herrira ekartzen saiatzea. Lander Martinez bozeramailearen esanetan, EAJri "ederki datorkion argazki bat oparitu" dio EH Bilduk, "PPrekin dituen akordioak zuritzeko". Horrez gain, "auzi nazionalari" gizarte arazoei baino garrantzi handiagoa aitortzea ere egotzi dio.

Aldiz, EH Bilduk kritikatu egin du Elkarrekin Podemosek abstentziora jo izana. Jarrera horrekin PSEri eta PPri beto ahalmena aitortzen diela nabarmendu du Iriartek.

PSEko legebiltzarkide Antonio Pastorrek ohartarazi du estatu politiko berriak "segurtasun juridiko osoa" izan behar duela, eta "biktimismoa" saihesteko eskatu die alderdi abertzaleei.

Autogobernu lantaldearen eztabaida "lehertzea" leporatu dio PPk EH Bilduri. Borja Senper legebiltzarkidearen esanetan, lantalde horretan adosten den testua errespetatzeko eskatzea ez da onargarria, "astakeria juridiko eta legal bat" ez delako aintzat hartu. "Zurgabetasun juridikoaren eta politikoaren bidea hartzen baldin badugu, Euskadin gatazka piztuko da, eta hautsi egingo da elkar ulertze giroa".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.