Jaurlaritzaren Estatutu proposamena

"Estatutuaren erreforma kaxoian gordetzeko" eta "denen arteko akordioa bultzatzeko" eskatu dio Batasunak Ibarretxeri

Arnaldo Otegik atzo Eusko Legebiltzarrean emandako azalpenen ildotik, Ibarretxeren Plana aurrera ateratzea ahalbidetuz "bake eszenatoki bat" bultzatu nahi izan dutela berretsi du gaur Batasuneko mahai nazionalak Iruñean; halaber, atzo bezala, erreforman oinarritutako estatutu berri bat arbuiatzen dutela nabarmendu du. Hori dela eta, "Estatutuaren erreforma kaxoian sartu" eta "denen arteko akordioa bultzatzeko" eskatu dio Ibarretxeri. Era berean, beren jarrerarekin EAJk Jaurlaritzako hurrengo hauteskundeetarako prestatuta zeukan estrategia galarazi dutela iritzi diote Batasuneko buruzagiek.

2004ko abenduaren 31
14:56
Entzun
Eusko Legebiltzarrean atzo hartu zuten jarrerari buruzko azalpenak eman ditu, finean, Batasuneko mahai nazionalak. Egin duten azterketaren arabera, egungo marko politikoak porrot egin du, eta, ondorioz, Euskal Herria "bidegurutze garrantzitsuan" dago: "Eredu autonomikoa behin betikoz amaitutzat eman eta gatazkaren konponbide politikoaren aldeko apostua egiteko, euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duenaren moduan; edo, bestela, gatazka konpontzen ez duten porrotera kondenatutako formulak errepikatzeko bidegurutzean, hain zuzen", azpimarratu dute Batasuneko buruzagiek.

EAJren "eskema faltsua"

Testuinguru horretan, Ibarretxeren Plana beren botoei esker aurrera atera arren, Batasunak ez du uste proposamen horrek gatazka behin betiko gainditzeko balio duenik. Aitzitik, duela 25 urteko akats berak errepikatzeko eta erreforma hutsa bultzatzek dinamikan kokatzen dela uste dute.

Gainera, EAJ euskal gizarteari "eskema faltsu" bat helarazten saiatu dela iritzi dio Batasunak, eta eskema horren emaitzetan zegoela finkatuta jeltzaleen hauteskundeetarako estrategia. "Eskema faltsu" hori EAJ, EA eta EB "baiezkoare ildoan" eta Batasuna PPrekin eta PSErekin batera "ezezkoaren ildoan" kokatuz eratu dela azaldu dute. "Atzoko egunerako pentsatua zuten eskema bera: 'Ezezkoaren blokeak plana aurrera ateratzea galerazten du'. Horixe zen, gure ilegalizazioa tarteko, gehiengo erabatekoa bilatzeko Ibarretxeren aitzakia perfektoa, zeinaren bitartez hauteskundeen ondotik Madrilekin estatutuaren erreforma negoziatzea pentsatzen zuen. Atzoko egunez, baina, ezker abertzaleak agerian utzi zuen jokaldia, ezbairik gabe, Sabin Etxeako politiko profesionalen haserrea eraginez", adierazi dute.

Atzo Eusko Legebiltzarrean hartutako jarrerarekin eskema hori bertan behera laga dutela uste dute Batasuneko burue, eta, gainera, gatazka gainditzeko prozesu bat abian jartzea bultzatu dutela, "azaroaren 14an Belodromoan plazaratutako proposamenaren" ildotik. Anoetako belodromokoa lehen urratsa izan zela agertu dute, eta atzokoa bigarrena.

Lehentasuna, beraz, gatazka gainditzeko prozesua abian jartzea dela nabarmendu du Batasunak, "denek" parte hartuko duten prozesua, eta "euskal herritar guztien" hitzarekin amaituko dena. Hori dela eta, "Estatutuaren erreforma kaxoian gorde" eta akordio hori bultzatzeko galdegin dio Ibarretxeri. "Ibarretxek Batasunaren babes osoa du gatazkaren konponbiderako mahaian gainerako eragile guztiekin, bere Planaren hitzaurrean defenditutako oinarriak hartuta, esertzeko borondatea erakusten badu. Aldiz, ez du inoiz Batasunaren babesik izango iruzur estatutario berri bati heltzeko borondatez jokatzen badu", esan dute. Halaber, prozesu hori aurrera eramateko eta gatazka behin betiko gainditzeko Batasunak eskubide guztiak bermatuak izatea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.