Politika

Estatuturen batek "Espainiako Konstituzioaren mugak" gaindituz gero Armadak esku hartu beharko lukeela esan du jeneral buru batek

Espainiaren burujabetza eta batasunaren bermea Armada dela oroitarazi du gaur Jose Mena Aguado Lurreko Indarren jeneral buruak, eta Konstituzioaren zortzigarren artikuluak helburu horien defentsan esku hartzeko zilegitasuna ematen diela oharrarazi du. Sevillan (Andaluzia, Espainia) egin ditu adierazpen horiek Mena Aguadok, Pazkoa militarraren ospakizunean, Juan Carlos I.a Espainiako erregearen eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuaren aurrean. Areago, estatuturen batek "Konstituzioaren mugak" gaindituz gero Armadak esku hartzearen alde agertu da, eta Kataluniako Estatutua dagoen bezala onartzeak ondorio larriak lituzkeela adierazi du.

2006ko urtarrilaren 6a
17:09
Entzun 00:00:0000:00:00
"Estatuturen batek Espainiako Konstituzioaren mugak gaindituko balitu —zorionez, orain halakorik gertatzea pentsaezina dela ematen du—, zortzigarren artikulua aplikatu beharko litzateke: Lurreko, Itsasoko eta Aireko armadek osatutako indar armatuen egitekoa da Espainiaren burujabetza eta independentzia bermatzea, eta batasuna eta ordenamendu konstituzionala defenditzea", oharrarazi du Lurreko Indarren jeneral buruak.

Kataluniako Estatutua hango Parlamentuak onetsi eta egun idatzita dagoen bezala onartzeak "oso ondorio larriak" izango lituzkeela erantsi du Mena Aguadok. Baieztapen hori argudiatzeko hizkuntzaren auziari heldu dio, eta autonomi erkidego batean "bertako hizkuntza berezia" ezagutza exijitzea "neurriz kanpokoa" dela esan du. "Halako neurri batek soldaduei postuak ematerakoan atzerrian erabiltzen ditugun irizpideak erabiltzera behartuko gintuzke", azpimarratu du.

Nolanahi ere, "Konstituzioak estatutu guztiei zeharka ezinezko mugak" jartzen dizkiela erantsi du, eta horretan oinarrituta "lasaitasun mezua" zabaldu nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.