OSASUNGINTZA

Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek

Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»

Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko irailaren 27a
12:36
Entzun

Lizarra inguruko osasun publikoa desegiten ari dira, LABen irudiko. Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi dute, eta, sindikatuak ohar batean salatu duenez, horrek agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa «oso txarra» dela. «Estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea» galdegin du sindikatuak, eta azaldu du osasun arreta publikoa desegiten ari dela, bi motiborengatik: «Lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako, eta, bigarrenik, zenbait medikuk zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako».

Hain zuzen, duela lau hilabete, Garcia Orkoien ospitaleko gerentea kargutik kentzeko eskatu zuen LABek, «pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako». Ordutik, kudeatzaile horrek bere postua utzi du, baina barrutiaren «kudeaketa penagarriak» bere horretan segitzen duela salatu du sindikatuak: «Arreta falta inoizko nabarmenena da, prozesu asko Iruñera eta Tuterara bideratzen ari baitira».

Ginekologiaz eta Obstetriziaz gain beste espezialitate askotako prozesuak beste ospitale batzuetara bideratzen ari direla salatu dute oharrean: «Agian, profesionalak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako gertatzen da arreta falta hori, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatriarekin, Erradiologiarekin eta Dermatologiarekin».

Arazo horren atzean jardun publikoaren esklusibotasunaren auzia dagoela uste du LABek: «Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu genuen duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute zuzendu».

Osasun Departamentuak eta ospitaleko gerentziak «interes pribatuak errazteak» itxaron zerrendetan eragina duela ere adierazi du elkarte sindikalak, eta hori «arduragabekiarekin» lotu dute. Teknologian eginiko inbertsioak onetsi dituzte, baina urrats horiek «bat etorri behar dute etorkizuneko arreta publiko batekin». Hori dela eta, «enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uztea eta profesional publiko batzuen jardun pribatua errazteari uztea» galdegin diote Fernando Dominguez kontseilariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.