Sententzia irmoa izango da. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak hartuko du Parot doktrinaren inguruko azken erabakia. Espainiak doktrina hori aplikatuta preso dauzkan 67 euskal presoren oinarrizko eskubideak urratzen diren edo ez hamazazpi epailek erabakiko dute, Giza Eskubideen Hitzarmena oinarri hartuta. Hala erabaki zuten herenegun gauean Estrasburgoko Auzitegiko bost epailek, Espainiako Estatuaren abokatuak aurkeztutako helegitea tramiterako onartuta. Areto Txikiak esanda bezala doktrinak eskubideak urratzen dituela berresten badute, beraz, Espainiak ez du aitzakiarik izango erabakitzen dena betetzeko.
Estrasburgoko Hirugarren Areto Txikiak emandako epaia berretsi edo berria idatzi beharko dute Areto Handia osatzen duten hamazazpi magistratuek. Ez dute eperik izango horretarako. Uztailaren 10ean eman zuen Estrasburgok 197/2006 doktrinaren kontrako epaia. Auzitegiak dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela Espainiak doktrina hori aplikatuta. «Auzitegi nazionalek ezin dituzte aplikatu delitua egin osteko lege aldaketak atzerako eraginez eta pertsonen kalterako». Hori bakarrik ez, honako hau ere badio: «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio zabala egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada». Eta Espainiako Auzitegi Gorenak doktrina hori aplikatzeko egindako interpretazioak halaxe egiten duela dio. Estrasburgoren arabera, legerik gabe zigorrik ez dagoela dioen 7. artikulua eta askatasun eta segurtasunerako eskubidea arautzen duen 5.1 artikuluak urratzen ditu Espainiak Del Rioren eta doktrina aplikatutako gainerako presoen kasuetan. 2008an aplikatu zioten doktrina Del Riori, espetxetik ateratzear zela, eta 2017ra arte preso egon beharko duela jakinarazi zioten.
Horregatik guztiagatik, Estrasburgoko Auzitegiak Espainiari Ines del Rio presoa aske uzteko eta presoari 30.000 euro emateko eskatu zion. Del Rio oraindik ere espetxean dago, ordea, epaia irmoa izan arte ez zuela beteko erabaki baitzuen Espainiak.
«Berebiziko garrantzia»
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak nabarmendu duenez, Espainiaren helegitea tramiterako onartzeak ez du esan nahi auzitegia doktrina aplikatzearen alde dagoela, baizik eta «berebiziko garrantzia» duela pentsatzen duela erakusten du. Herrira mugimendua, berriz, seguru agertu da Areto Handiak doktrinaren kontrako epaia berretsiko duela.
Hala ere, Espainiaren jarrera gaitzetsi dute biek. Behatokiak salatu du «giza eskubideen babeserako nazioarteko instrumentu bat bere helburu propioak lortzeko» baliatu nahi izan duela. Herrira-k, berriz, helegiteak jarrita ez duela denbora irabazi, baizik eta, giza eskubideei dagokienez, «denbora galdu» egin duela. «Euskal jendartearen gehiengoak bakea eta konponbidea sustatzeko eskatzen dizkion urratsak» egiteko ere denbora galtzen ari dela esan dio Espainiari.
197/2006 doktrina aplikatuta preso daudenak askatzeko lanean jarraituko duela jakinarazi du behatokiak, eta gogora ekarri du, joan zen astean jarri zituztela Estrasburgon doktrina hori aplikatutako hogeiren helegiteak.
Estrasburgoko Areto Handiak hartuko du 'Parot doktrinari' buruzko erabakia
Giza Eskubideen Auzitegiak ez du eperik izango doktrinaren inguruan behin betiko erabakia emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu