Espainiako Gobernuaren iritziz, esate baterako, eskutitza “interesgarria” da “ETA ahultzen duen heinean”. Nolanahi ere, Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak nabarmendu du “zuhurtziaz” hartu behar dela ETAko presoei egotzitako agiria: “Gobernuaren erreakzioa guztiz zuhurra da”, adierazi du, baina, hala ere, “kontutan hartzen” dutela erantsi du. “[Gobernuak] noski kontuan hartzen ditu mota honetako ekimenak,ETA ahultzen duten heinean interesgarriak dira-eta”, esan du. Ildo horretatik, Madrilen helburuak ETAren porrota eta behin betiko disoluzioa direla azpiomarratu du.
Eusko Jaurlaritzaren aburuz, ostera, eskutitz horrek argi eta garbi utzi du “indarkeriak ez duela zentzurik eta etorkizunik” . Miren Azkarate bozeramaileak adierazi duenez, “ETAren munduan” gero eta gehiago dira armak uztearen aldekoak eta ustez ETAko sei preso horiek izenpetutako gutuna ideia hori indartzen ari denaren isla da. “Euskal gizartearen gehiengoak urteetan eskatu dio ETAri desager dadila, eta azken hilabeteetan Batasunaren inguruan gero eta sendoagoa da ETAri desagertzeko eskatzen diotenen iritzia”, esan du. “[Gutun horrek] frogatzen du ETAren munduan ere indartzen ari den ideia dela”, erantsi du.
PSOEk eta PPk balorazio bertsua egin dute agiriaren inguruan; hain zuzen ere, ETA azken hatsetan dagoenaren adierazpena dela agertu dute alderdi bateko zein besteko buruzagiek, eta “Itun Antiterroristaren” eta polizia neurrien meritua dela. Funtsean, ustezko gutunak bide poliziaren onura indartzen duela adierazi dute.
Bide beretik mintzatu dira Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusia eta Javier Madrazo EBkoa. ETA “agonian” dagoela esan du Llamazaresek eta norabide politikoa galdua duela. Madrazoren aburuz ere, “ETA amaitu ondorengo” klabeetan pentsatzen du jada euskal gizarteak, eta hori islatzen du gutunak. Nolanahi ere, ustez sei preso horiek egindako eskaera bera Batasunak egin beharko lukeela iritzi dio Llamazaresek.
Ideia bera plazaratu du EAJko legebiltzarkide Emilio Olabarriak: Batasunari galdegin dio ustez sei preso horiek egin bezala eska diezaiola ETAri indarkeria baztertzeko. Olabarriaren ustez gogoeta “garrantzitsua” da erakunde armatuaren inguruan pisu handia duten pertsonek egina delako.
Aldiz, EAko Antolakuntza idazkari Rafa Larreinari “pobrea” iruditu zaio Diario de Noticias -ek plazaratutako gogoeten edukia. Izan ere, preso horiek “eragingarritasunagatik” jarri dute auzitan borroka armatua, eta hori ez da nahikoa EAko buruzagiarentzat. Hain zuzen ere, giza eskubideen errespetuan eta etikan oinarritutako “gogoeta sakonagoa” behar dela adierazi du.
Aurrekoez oso bestelako erreakzioa izan du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak. Goizean elkarrizketa egin dioten Otegiri Euskadi Irratian, eta ez du aipatutako egunkariak plazaratutakoaren edukiaren gaineko iritzirik eman nahi izan. Otegiren arabera, “eskandalua” da filtrazio hori gertatzea, eta presoen kolektiboaren benetako iritzia jakin nahi duenak espetxeetara joan eta zuzenean haiei galdetu behar diela nabarmendu du.
Diario de Noticias-ek gaur kaleratu duen albistearen arabera, joan den abuztuanegun egiten den borroka armatuaren baliagarritasuna auzitan jartzen zuen gutuna igorri zioten ETAko zuzendariatzari sei presok; zehazki, Iñaki Arakama Mendiak, Frantzisko Mujika Garmendiak, Karlos Almorzak, Kepa Solanak, Iñaki Bilbaok eta Koldo Apariciok sinatu bide dute eskutitza.
ETAko presoei egotzitako gutuna
“ETA ahultzen duen heinean” agiria interesgarria dela iritzi dio Espainiako Gobernuak
Ustez ETAko sei presok —batzuk erakunde armatuko zuzendaritzako kideak izandakoak— idatzitako gutun baten berri eman du gaur ‘Diario de Noticias’ egunkariak. Eskutitz hori ETAren zuzendaritzari idatzia legoke, eta egun borroka armatua agortuta dagoela eta bide politikoen aldeko apostua egin behar dela argudiatzen dute. Aipatutako egunkariaren arabera, Frantzisko Mujika Garmendiak, Iñaki Arakama Mendiak, Karlos Almorzak, Kepa Solanak, Koldo Apariciok eta Iñaki Bilbaok izenpetu dute. Erreakzio andana eragin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu