Euskara gutxiago erabiltzen da kalean. Emaitza argia eman zuten uztailean Soziolinguistika Klusterrak argitaratu zituen 2016ko Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren datuek. Orain, infografia batean laburtuta, bideo batean ikus daitezke ikerketaren ezaugarri nagusiak eta emaitzak.
[Vimeo]https://vimeo.com/232318898[/Vimeo]
Neurketa 1989tik egiten dute, eta 2006ra arte erabilera hazi egin zen. Geroztik, ordea, gain behera doa. Euskal Herria osotasunean hartuta, neurketak dio kalean hizketan entzun dituztenen %12,6 ari zirela euskaraz. 1997tik izandako portzentajerik txikiena da hori. Erdarak nagusi dira, beraz. Kaleko hiztunen %76 gaztelaniaz sumatu dituzte, %8 frantsesez, eta %3 beste hizkuntza batzuetan. Izatez, Baionan eta Bilbon gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdara batzuk erabiltzen dituzte euskara baino gehiago kalean; Gasteizen eta Iruñean, antzekoa da beste erdaren eta euskararen erabilera.