Alderdi gehienek gaitzetsi egin dituzte ETAren azken adierazpenak, Gara egunkariak gaur plazaratu duen elkarrizketan biltzen direnak. Honakoak dira erakunde eta alderdi nagusiek emandako iritziak:
Eusko Jaurlaritza: "Gizarte honek jada esan dio ETAri esan beharreko guztia
Eusko Jaurlaritzak ez du Gara-k plazaratu duen elkarrizketan ETAk esaten dituenei buruzko iritzi zehatzik eman nahi izan. Esan beharreko guztia dagoeneko esanda dagoela agertu dute Jaurlaritzako iturriek, edukien balorazioan sartzea alferrikakoa dela iradokiz. "Gizarte honek jada esan dio ETAri esan beharreko guztia", azpimarratu dute.
EAJ: "Ezker abertzalearen bozeramaile bihurtu da ETA"
ETAk bere buruari eragile politiko izaera aitortzen diola utzi du agerian elkarrizketak Josu Erkoreka EAJko buruzagiaren iritziz, eta hori ez da zilegia. Areago, ezker abertzalearen gainetik jarri dela uste du, eta haren bozeramaile bihurtu dela. "Ezker abertzalea ezeztatu egin du, eta haren bozeramaile bihurtu da jardun politikorako eredua ezarriz. Zoritxarrez, ezker abertzaleko buruzagiek itsu-itsuan jarraituko dituzte lerro horiek". ETAk Euskal Herriko estatua eratzeko premiaz esandakoa ere gaitzetsi du Erkorekak; buruzagi jeltzalearen iduriko kontua ez da euskal herritarren gehiengoak estatu horren eratzea babestuko lukeen, baizik eta euskal herritarren gehiengoak dagoeneko adierazi duela ETA desagertzea nahi duela: "Hori da kontuan izan beharko lukeen aldarrikapena".
Etorkizun bakarra desagertzea duela ohartarazi dio PSE-EEk
PSE-EEk ez die garrantzi handirik eman nahi izan ETAk elkarrizketan esandakoei, baina argi eta garbi utzi nahi izan dio erakunde armatuari desagertzea duela etorkizuneko aukera bakarra. "Mezu argi bat helerazi behar zaie: ETAren etorkizun bakarra desagertzea dela, eta bere kideak espetxeratzea. Gainera, exijentzia argi bat dago, behin betiko desager dadila eskatzen dio Euskal Herriko eta Espainiako gizartearen gehiengoak", adierazi du Jose Antonio Pastor PSEko buruzagiak. Espainiako Justizia ETAren gainean dagoela azpimarratu du, eta ETAk beren kontra egindako mehatxuekin ez direla kikilduko.
PP: "Erantzun bakarra eman dakioke: demokraten batasuna"
ETAren adierazpenek helburu bakarra dute Leopoldo Barreda PPko buruzagiaren iduriko: bere burua justifikatzea. Elkarrizketaren edukiari dagokionez, "gaitzespen erabatekoa" merezi duela esan du, "mehatxuz beteta baitago". ETAri erantzun bakarra eman dakiokeela erantsi du Barredak: "demokraten batasuna". Gizarteari eta politikariei "terroristei irabazteko borondatea berresteko" deia egin die.
EA: "Indarkeriaren erabilera sobera dago"
"Indarkeriaren erabilera sobera dago eta oztopo da herritarren borondatea nagusi dadin eta erabakitzaile bakarra izan dadin", adierazi du Onintza Lasa EAko Euskara, Hezkuntza eta Kultura arduradunak ETAk azken elkarrizketan esandakoei buruz. Erakunde armatuak erakutsi duen bakarra "arduragabekeria eta koherentziarik eza" dela erantsi du, eta ETAk egin behar duena desagertu eta "politikari bidea ematea" dela iritzi dio.
EB: "Beren zaintzaren pean ezarri du ezker abertzalea
Mikel Arana EBko buruzagia ere kritiko agertu da ETAk elkarrizketaren bidez egin dituen adierazpenekin. Aranaren abuzu, bere oinarri sozialari zuzentzen zaio erakunde armatua elkarrizketa horretan; areago, "bere zaintzaren pean" ezarri duela nabarmendu du. Euskal herritarren eskaerari jaramon egin beharrean, ETAk "indarkeria gehiagorekin eta mehatxuekin" erantzun dela erantsi du.
Aralar: "Akats bera egin du berriro: mundua guztia kritikatu eta erruduntzat hartu autokritikarik egin gabe"
Erakunde armatuaren autokritikarako gaitasun eza adierazten du ETAri egindako elkarrizketak Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen ustez. "Akats bera egin du berriro: mundua guztia kritikatu eta erruduntzat hartu autokritikarik egin gabe", esan du. "ETAk ez du ulertu normalizazio politikoa alderdi politikoei dagokigula. Beraz, utz diezaigula alderdiei politika egiten, ez baitugu inolako banguardiarik behar, eta gutxiago ETA". Ezker abertzaleari eskaera zehatza egin dio Abrilek, ETAri adieraz diezaiola bere helburuak lortzeko oztopo dela: "Esan diezaiola ETAri ez dela aktibo bat, pasibo bat baizik, abertzaletasunarentzat eta abertzaletasunaren helburuentzat".
Politika
ETAk azken elkarrizketan esandakoak gaitzetsi egin dituzte alderdi gehienek
Ezker abertzalearen bozeramaile lana erakunde armatuak hartu duela uste du EAJk. ETAren etorkizun bakarra desagertzea dela ohartarazi du PSEk. "Demokraten batasunerako" deia egin du PPk, eta indarkeria ez dela bidea nabarmendu dute EAk, EBk eta Aralarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu