Jaurlaritzak, PSEk eta EAJk ildo bertsuko jarrera erakutsi dute asteburuko bi gertakari politiko nagusien inguruan, hau da, Gernikako adierazpenaren sinatzearen eta Gara egunkarian ETAk esandakoei buruz. Gertakari bati zein besteari garrantzia kendu diete sozialistek eta jeltzaleek, eta benetan baliagarri den iragarpen bakarra ETAren indarkeriaren amaiera dela nabarmendu.
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari sozialistak Shangaitik egin du bi gertakari horien balorazioa, hango Expoan baita, eta ETAk Gara-ri eramandako elkarrizketan esandakoei dagokienez, ez dagoela ekarpen berririk iritzi dio. Lopezen arabera, ETAk baldintzak jartzen ditu su-eten iraunkor eta egiaztagarria emateko eta armak behin betiko uzteko bidea hartzeko, eta baldintzak ezartzea onartezina denez, ez dago konponbidean aurrera egitea eragin dezakeen berritasunik. Aipatu egunkariak atzo plazaratutako elkarrizketan, su-eten hori emateko prest agertzen da erakunde armatua, eta baita "urrunago joateko ere.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk, Alternatibak eta beste hogeitik gora eragilek larunbatean Gernikan sinatutako adierazpenari dagokionez, hura ere eskastzat jo du, eta esan ez duela ulertzen nola eragile horiek ez dioten eskatzen ETAri "behin betiko desagertzeko". Adierazpen horretan, su-eten iraunkor eta egiaztagarria galdegin diote erakunde armatuari, "armak behin betiko uzteko borondatearen erakusle" gisa.
Ñabardurak ñabardura, antzeko ildoko balorazioa egin zuen atzo Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, Alderdi Egunean. ETAk aipatutako elkarrizketaren bidez esandakoei dagokienez, erakunde armatuak baliagarri den adierazpen bakarra egin dezakeela aldarrikatu zuen Urkulluk Forondan batutako milaka jarraitzaileren aurrean: armak behin betiko uzten dituela iragartzea.
Gernikako adierazpenari buruz, bakegintza eta normalizazio politikoan aurrera egiteko EAJk bere proposamen propioa duela azpimarratu du, Ados agiria. Proposamen horretan jasotzen diren oinarriak ETAk behin betiko armak uztetik abiatzen dira, eta sektore politiko guztien arteko elkarrizketa eta euskal herritarren erabakitze eskubidearen onarpena aipatzen dira. Nolanahi ere, asteburuko gertakari politiko horiek "eszenifikaziotzat" jo ditu Urkulluk, eta antzerkiari utzi eta egiazko urratsei heltzeko galdegin die ETAri zein ezker abertzaleari.
Politika
ETAk baldintzak ezartzen dituela iritzita, azken adierazpenetan ez dagoela ekarpen berririk dio Lopezek
Jaurlaritzako lehendakariak gutxietsi egin du erakunde armatuak 'Gara' egunkariari emandako elkarrizketan esandakoaren garrantzia, eta, halaber, eskasa iruditu zaio ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk, Alternatibak eta beste hainbat eragilek larunbatean Gernikan sinatutakoa. EAJk ere antzeko jarrera erakutsi du: ETAren adierazpen baliagarri bakarra armak behin betiko uzten dituela iragartzea dela esan du Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu