«Ziklo oso bat ezaugarritzen duen konfrontazio armatua gainditzeko konpromiso argia» duela berretsi du ETAk Zutabe barne buletinaren 113. alean. Bertan, su-etenaren erabakiaren atzean «askapen prozesuan urrats erabakigarri eta atzeraezinak egitea» dagoela dio erakunde armatuak, Gara egunkariak jakinarazi duenez.
ETAren ekimena: Aldaketa politikoa gauzatzeko borondatea eta konpromisoa izenburupean, egoera politikoa aztertu du ETAk. Su-etena erabakitzeko bi baldintza politikok eragin dutela dio ETAk: «Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen jendarteratzea, batetik, eta gatazka politikoa bide politiko eta era elkarrizketatuan konpontzeko herri nahia, bestetik».
Orain arteko egoeran «askapen prozesua blokeatzeko arriskua» zegoela dio ETAk, eta Frantziak eta Espainiak horixe nahi dutela. Horren kontra ezker abertzaleak egoeraren azterketa «egokia» egiten asmatu zuela iritzi dio erakunde armatuak: «Bere iniziatibaz, egoera iraultzeko aukera abian jarri zuen».
Bestalde, ukatu egin du menia beste asmo batzuen ondorio dela: «Ahultasunarekin lotu dute batzuek. Ezker abertzalearen erabakiek behartuta izan dela dio beste zenbaitek. Ez da falta, maltzurkeriaz, ezker abertzalea hauteskundeetan egoteko asmoarekin lotu duenik».
2007ko irailean argitaratu zuen ETAk azkenekoz Zutabe buletina. Artikuluaren arabera, Gara-k atzo plazaratutakoa apirilean idatzia da, baina ez du egunik zehazten.
«Ekintza armaturik ez egiteko erabakia» 2010eko otsailean hartu zuela argitu du ETAk. Erabaki hori hilabeteetan isilpean egon zela dio, eztabaida politikoa «desitxuratzea» eragozteko, eta protagonismoa «urratsak egiten ari ziren eragile politiko eta sozialengan» jartzeko. Denbora horretan, hainbat eragileren eta herritarren aktibazioan urrats garrantzitsuak egin direla nabarmendu du ETAk; 2010ean Independentistak sareak deitutako Aberri Egun «masiboa», Lortu Arte EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordioa, Adierazi EH ekimena eta Bruselako Adierazpena, kasu. 2010eko irailean, otsailean erabakitakoaren berri ematerakoan, ETAk ordura arteko mugimenduei «bultzada» bat eman ziela uste du erakunde armatuak.
Artikuluan zehazten denez, Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari zuzentzen zaio ekimena. Nazioartetik presioa bideratuz, Espainiaren «blokeo» jarreran «higadura» eragin nahi du ETAk.
«Ez da egokia», dio Zabaletak
Frantziako tiroketa jazo arren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek ez du uste ETAk atentaturik egiteko asmorik duenik. «Ez dugu daturik horrelakorik gerta daitekeela pentsatzeko», adierazi du. Bestalde, ETAren adierazpenak «interpretatzeari» utzi behar zaiola esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek.
Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak ere mintzagai izan du ETAren adierazpena. Haren irudiko, erakunde armatuaren «konpromisoa ez da txarra, baina ezta behar bezalakoa ere». Izan ere, Gernikako Akordioaren eskakizunak ez dituela betetzen iritzi dio Zabaletak. EAJko Gipuzkoako presidente Joseba Egibarren ustez, ETA «egokitze fasean» dago, eta indarkeria «behin betiko» amaitu beharko du.
ETAk berretsi du borroka armatua atzean uzteko konpromiso argia duela
Erakunde armatuak dio meniaren xedea aldaketa politiko eta sozialerako «urrats erabakigarri eta atzeraezinak» egitea delaFrantziako tiroketa gertatu arren, ETAren atentaturik ez dela egongo uste du Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu