Eztandak baino ordu erdi lehenago, 07:30ean, ETAren izenean dei bat jaso zuen Donostiako DYAk, errepideetan laguntzen duen elkarteak. Deitzaileak lehergailuak non zeuden adierazi zuen, eta jakinarazi zuen 08:00ak eta 08:30 bitartean lehertuko zirela . DYAk Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari lehergailuen abisuaren berri eman zion, eta hiru Guardia Zibil patruilek inguru guztia itxi zuten eta segurtasun neurriak hartu zituzten.
Lehen eztanda 08:00etatik minutu gutxi batzuk pasata zirenean izan zen, eta bigarrena bost bat minutu beranduago. Eztanda egin zuen lehen bonbak, polizia iturrien arabera, lau eta sei kilo artean zituen, eta bigarrenak 300 gramo.300 gramo zituen lehergailuak kalte arinak eragin zituen. Hedagailuan eragin zuen eztandagatik herritarrek hainbat arazo izan zituzten goizean telefono mugikorrekin, baina berehala konpondu zuten arazoa.
Lehen lehergailuak kalte handiak eragin zituen
Aitzitik, lehenik eztanda egin zuen lehergailua goi mailako hotelaren sarreretako batean zegoen jarrita, eta kalte ugari eragin zituen. Ostatuaren egitura eta barne aldea hondatu ez ziren arren, hirugarren solairuko leihoak, hainbat galeria eta eraikinaren aurrealdea hondatu ziren, lehergailuak eragindako uhin hedatzearen ondorioz sortutako«tximinia efektuagatik». Hala jakinarazi zuen Javier Fernandezek, Espainiako Gobernuak Aragoin daukan ordezkariak.
Baina kalte materialak hasieran uste baino handiagoak izan zirela baieztatu zuen. Eta lehergailua jarri zuten lekuak areagotu egin zuela kaltea.Fernandezek uste du lehergailuak eztanda egin baino minutu batzuk lehenago jarri zituztela, atzo goizaldean. Azken zortzi hilabeteetan lau atentatu egin ditu ETAk Zaragozan, baina Fernandezek ukatu egin zuen komando egonkorrik dagoenik.
Sos del Rey Catolicoko Udalaren gaitzespena
Sos del Rey Catolicoko Udalak osoko bilera berezia egin zuen atzo eguerdian. PSOE, PP, PAR eta CHA alderdiek osatzen dute udal gobernua eta idatzi bat hitzartu zuten. Atentatua gaitzetsi zuen idatziak. «Bakea, batasuna, itxaropena eta elkar ulertzeko egun egokiak diren hauetan, ez dugu ulertzen nola norbait indarkeriaren bitartez adieraz daitekeen».
Atentatua gaitzesteaz gain, elkarrizketaren alde egin zuten. «Edozein gatazka konpontzeko elkarrizketaren aldekoak gara, indarkeria alde batera utziz. Eta inposaketa eta edozein terrorismo mota gaitzesten dugu».Sos del Rey Catolico herriko Udalak aho batez onartutako idatziak «demokrazia eta askatasunaren» alde egiten du. «Herrien Europa ezin da gutxi batzuen intolerantziaren menpe geratu».
-
ATENTATUAK
Azken zortzi hilabeteetan lau atentatu egin ditu Zaragozan
Azken zortzi hilabeteetan lau atentatu egin ditu ETAk Zaragozan (Aragoi, Espainia). Iragan urteko ekainean eta urrian Zaragozako aireportuan, eta irailean zentral hidroelektriko ohi baten kontrako erasoa egin zuen ETAk, Añon del Moncayon. Eraso horietan ez da zauriturik izan. Kalte handiena atzokoak egin zuen.
Bestetik, ez da lehenengo aldia ETAk Estatuko goi mailako ostatuko eraikinen kontra egiten duena. 1996an Santa Catalinako gaztelua izeneko ostatuaren kontra egin zuen (Jaen, Espainia). Eraikinean ez bada ere, Estatuko goi mailako ostatuetatik gertu beste hiru atentatu ere egin ditu ETAk. 1980an Javeako (Alicante, Espainia)ostatuaren aurrean 300 gramo lehergailu jarri zituen. 1985ean, Luis Vives izeneko ostatutik 300 metrora jarri zuen beste lehergailu bat (Valentzia, Espainia). Eta 1996an Bayonako (Galizia) ostatuaren aldamenean jarritako lehergailu bat zartarazi zuen Guardia Zibilak.