GERNIKAKO ADIERAZPENA

ETAk dio su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko prest dagoela

'Gara'-k gaur kaleratuko duen elkarrizketan ETAk dio irtenbidean «urrats sakonak» egin nahi dituela

Erredakzioa
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Su-eten iraunkor eta egiaztagarriaren alde lan egiteko borondatea duela esan du ETAk, baita «harago» joateko ere, «horretarako baldintzak ematen baldin badira». Gara egunkariari eskaini dion elkarrizketan egin du iragarpena erakunde armatuak. Gara-k gaur kaleratuko du ETAko bi kideri egindako elkarrizketa zabala, baina atzo pasarte batzuk aurreratu zituen webgunean. Gatazkaren konponbiderako oinarrien inguruan Gernikan aurkeztutako akordioa publiko egin aurretik egina dago elkarrizketa.

Larunbatean kaleratutako agirian Bruselako Adierazpena sinatu zutenei urratsak egiteko prest dagoela adierazi zien ETAk, eta konponbide demokratikoak behar dituen pausoak haiekin aztertzeko prest agertu zen. Gara-ri eskainitako elkarrizketan, erakunde armatuak azaldu du urratsak egiteko duen prestasuna «prozesu demokratikoaren garapenaren baitan» kokatu beharra dagoela. Pauso horien helburuagatazka politikoaren «konponbide demokratikoa» lortzea eta gatazka horrek irekitako «zauriak» behin betirako ixtea izango litzatekeela esan du ETAk. Agertoki horretara iristeko, baina, Euskal Herriko eragile guztiek «erantzukizunez» jokatu behar dutela iritzi dio.

Erasoko ekintza armatuak eteteko erabakia urteetan «askatasunaren borrokaren» bidez erdietsi diren lorpenetan oinarrituta hartu duela azaldu du ETAk elkarrizketan. Erabakia duela hainbat hilabete hartuta zuen arren, horren berri orain arte zer dela-eta ez duen eman azaldu du. Dioenez, aldaketa politikoaren alde lanean dauden eragileei dagokie «protagonismoa» izatea, eta, beraz, ETAren urratsa ez zen ulertuko indar abertzaleek egindako lanaren aurretik jakinarazi izan balitz.

Prozesu demokratikoa

«Konponbidean sakontzearen» aldekoa dela esan du ETAk elkarrizketan. «Soluzioaren bidean urratsak egin nahi ditu ETAk, gero eta urrats sakonagoak egin nahi ditu, harik eta Euskal Herrian benetako egoera demokratikoa lortzen den arte». Prozesu demokratikoa bideragarria izan dadin, ordea, oinarrizko baldintzak behar direla esan du. Baldintza horiek honako hauek beharko lirateke, ETAren arabera: eragileguztiek baldintza berberetan jardun dezaten beharrezkoak diren neurriak hartzea, eskubide zibil eta politikoak ezartzea, euskal preso politikoei erantsi zaizkien zigorrak baliogabetzea, eta presio, esku-sartze eta biolentzia oro desagertzea.

Prozesua elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez garatu behar dela uste du erakunde armatuak. Areago, elkarrizketa prozesua «aktibatu eta kudeatu» behar dela dio, eta elkarrizketa horren ezaugarriak adostu beharra dagoela: helburuak eta metodoa, elkarrizketa mahaiaren eraketa, joko arauak eta gaiak zehaztu beharra dagoela uste du ETAk. Zeregin hori, ordea, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialei dagokiela adierazi du erakunde armatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.