Politika

Etakideei lehen eskainitako kaleen izenei eustea ez dela delitua dio Espainiako Auzitegi Nazionalak

Irizpideak bateratzeko bilera egin zuen zigor salak atzo, eta gaur eman du ebazpenaren berri. "Apologiaren apologia ez da delitua", dio. Hainbat euskal alkateren kontrako salaketak jarrita ditu Dignidad y Justicia elkarteak, indarkeria goresten dutelakoan.

2008ko uztailaren 9a
18:52
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, ETAko kideei garai batean eskainitako kaleen eta plazen izenei eustea ez da delitua. Bai, ordea, haiei izena eskaintzea, "jarrera aktiboa" erakusteagatik. "Apologiaren apologia ez da delitua", esan du auzitegiak; hau da, etakide bati kalea eskaintzeko erabakia hartu zuenarekin ados egotea ez da delitua. "Delitua egiteko, jarrera aktiboa izan behar da".

Javier Gomez Bermudez buru zela, auzitegiko zigor aretoak ezohiko bilera egin zuen atzo gai horri buruzko irizpideak bateratzeko, hainbat auzi irekita daudela medio, eta gaur eman du ebazpenaren berri.

Dignidad y Justicia elkarteak hainbat euskal alkateren kontrako salaketak jarrita ditu -auzitegian denera hamar kereila sartu dira-, haien herrietan ETAko kideen izenak dituzten kaleak eta plazak daudelako (Durangon, Leioan, Zornotzan, Arrigorriagan, Etxabarrin, Etxarri Aranatzen, Tolosan, Hernanin, Zizurkilen...). "Indarkeria gorestea" leporatzen die.

Leioako (Bizkaia) kasuan, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak atzera bota zuen alkatearen aurkako kereila bat, baina auzitegiak auzia zabaltzera behartu zuen.

Hernanin (Gipuzkoa), berriz, orain aste batzuk Marian Beitialarrangoitia alkateari Jose Manuel Ariztimuño Pana-ren izena plaza batetik -1982an jarri zioten- eta kale izendegitik kentzeko agindu zion Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.