ETAko ustezko bi kidek ihes egin dute kontrol batetik

Frantziako Nancy hirian izan da gertakaria, eta autoan material informatikoa aurkitu dutela diote poliziek

Agentziak
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako SDAT Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzaren iturriak aipatuz, Espainiako berri agentziek diote ETAko ustezko bi kidek ihes egin zutela herenegun Frantziako Nancy hirian poliziek jarritako errepide kontrol batetik. Iturri horien arabera, kontrola ikusi zutenean hura gainditzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten lortu, eta autoa errepidean utzi ondoren, korrika alde egin zuten. Errepidean utzitako autoan material informatikoa atzeman dutela diote berri agentziek.

Gertakaria Nancy hirian jazozen, Frantziako ipar-ekialdean, Meurthe-et-Moselle departamenduan. Terrorismoaren Aurkako Zuzendaritzaordearen iturriek berri agentziei azaldu dietenez,Citroen Berlingo batean zihoazen bi pertsona poliziaren kontrola saihesten saiatu ziren; errepidean jarritako langen kontra jo ostean, autotik irten eta korrika alde egin zutela diote. Autoan «dokumentazio ugari» gordetzen duen disko gogor bat eta agiri faltsuak aurkitu dituztela diote berri agentziek.

Iturri horien arabera, atzemandako informazio horren lehen azterketa egin ondoren, SDATeko kideak «ziur» daude alde egin zuten pertsonak ETAko kideak direla. SDATeko iturri horiek berek azaldu duenez, «ETAko kideen jarduera ugaritu egin da azken hilabetean».

Azken gertakariak

ETArekin lotuta, berri agentziek iazko abenduan eta urteko lehen egunetan Frantzian jazotako beste gertakari batzuk nabarmendu dituzte. Hala, gogoratu dute abenduaren 19an aurpegia estalia zuten pertsona batzuk «agiri faltsuak» egiteko material informatikoa lapurtu zutela Bourg de Peage herriko enpresa batetik. Zabaldutako informazioaren arabera, ETAko kideak zirela esan zuten lapurrek.

Horrekin lotuta, astelehen honetan, Jendarmeriak auto bat aurkitu du erreta Taulignanen, lapurreta egin zuten herritik 80 bat kilometrora. Ikerketako iturriek diote ETAko ustezko kideek ihes egiteko erabilitako autoa dela, enpresa horretako autoa baita, material informatikoa hartu ondoren lapurtutakoa.

Era berean, aurreko asteko asteartean ETArena izan litekeen zulo bat aurkitu zuten Tolosatik (Okzitania) gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.