Frantziako Poliziak ETAko ustezko hiru kide atxilotu zituen atzo arratsean, hainbat berri agentziak polizia iturriak aipatuz informatu zutenez.
Atxiloketak, iturri horien arabera, Frantziako erdialdeko tren geltoki batean izan ziren. Berri agentziek informatu zutenez, poliziak ustezko ETAko kide bati segizioa egin zioten hark Parisen tren bat hartu ondotik. Hura helmugara iritsi eta trenetik jaitsi zenean atxilotzera joan ziren, baina atzeman aurretik beste bi pertsonekin bildua zen eta bi horiek ere atxilotu zituzten.
Agentzien arabera, atxilotutakoek agiri faltsuak zituzten, eta, beraz, artean ez zekiten nor ziren. Baina iturri batzuek esan zutenez, atxilotuetako bat Jon Etxeberria Oiarbide ei da. Polizia operazioa ez da itxi, eta hurrengo orduetan miaketak egingo zituztela informatu zuten.
Berri agentzien arabera, ordea, polizia operazioa «ETAren alor militarraren aurka» irekitakoa da, eta Espainiako segurtasun indarrek emandako «informazioari esker» egin da.
Atxiloketa horiek dira Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz karguan dela egindako lehenbizikoak. Fernandezek herenegun ohartarazi zuen ETAk jardun armatua behin betiko utzi duela esan arren segurtasun indarrek taldea borrokatzen jarraituko dutela: «ETA existitzen deno, talde terrorista izaten jarraituko du, eta bere militanteak atxilotzea sergutasun indarren helburu nagusi izango da», adierazi zuen Barne ministroak.
ETAko ustezko hiru kide atxilotu ditu Poliziak Frantziako erdialdean
Tren geltoki batean izan dira atxiloketak; polizia iturrien arabera, atxilotutako baten atzetik zebiltzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu