ETAk biktimei zuzendu die bere mezuaren zati bat. "Errespetua" agertu die guztiei, eta eragindako mina "zinez sentitzen" duela adierazi die. Halaber, "barkamena" eskatu die "gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten" biktimei. ETAren adierazpenak aztertu dituzte zenbait biktimak eta biktima elkartek.
Rosa Roderoren hitzak jaso ditu Euskadi Irratiak, gaur goizean. Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alarguna da Rodero. Haren iritziz, ETAk barkamena eskatu izana "positiboa" da, eta "ongi" iruditzen zaio, baina desegokia iruditu zaio gatazkan modu zuzenean parte hartu zuten eta ez zutenen arteko bereizketa egin izana. Haren esanetan, "gertatutakoa gertatu da jada". Roderok "etorkizunari" begiratzen diola adierazi du, eta bere kezka hurrengo belaunaldiak direla ziurtatu du. "Ez dadila berriro gerta". ETAren adierazpena haren desgerpenerako eta bakerako aurrerapausoa dela nabarmendu du.
Maixabel Lasa ETAk hildako Juan Mari Jauregui Gipuzkoako gobernadore ohiaren alargunaren iritziz, "positiboa" da ETAren adierazpena. "Ez genuen ETAren ahotik halakorik sekula entzun". ETAren hitzek kritika ere merezi dute, ordea, Lasaren iritziz. Adierazi duenez, "astakeria" da biktima batzuen eta besteen arteko bereizketa egitea. "[ETAri] Gehiegi kostatzen zaio esatea, egiaz, ez zuela inoiz existitu behar, hanka sartzea izan zela eta egin zuena gaizki egon zela".
Anvite Nafarroako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak arbuiatu egin du ETAren adierazpena. Elkartearen iritziz, ETAren agiriak "zerikusi handiagoa du propagandarekin eta trukean etekina lortzen saiatzearekin damu zintzoarekin baino". Damua agertzea ez da bateragarria, Anviteren esanetan, euskal presoek espetxetik irteterakoan "jasotzen dituzten festa eta omenaldiekin". Elkarteak ohartarazi du ETAren "ondare ideologikoak bizirik" jarraitzen duela, "Bilduri esker", eta hark ETAren jarduna "justifikatzen" jarraitzen duela.
Consuelo Ordoñez Covite biktima elkarteko presidenteak kritikatu egin du ETAren adierazpena. Etekina atera nahi izatea leporatu dio erakundeari. "Biktimak banatu" dituela adierazi du Ordoñezek, "gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten" biktimei soilik barkamena eskatu diela eta. "Barkamen selektiboa ez da barkamena", salatu du. Ordoñezen iritziz, ETAk "hitzetatik ekintzetara" igaro beharko luke, eta "argitu gabe dauden hilketak argitzen lagundu eta hiltzaileak goratzeari utzi".
AVT biktima elkarteak ere gaitzetsi egin du ETAren agiria. Haren esanetan, ETAk "bere jardun terrorista justifikatu du beste behin", eta ez du inolako autokritikarik egin. Horrez gain, salatu du ETAk bere ekintzen gaineko "ardura kolektiboa" hartu duela bere gain; ez, ordea, "argitu gabe dauden atentatuak argitzen lagunduko lituzketen norbanakoen ardurak".
Dignidad y Justicia biktima elkarteko presidente Daniel Porterok ziurtatu du ETAren agiriaren helbru bakarra euskal presoen euskal herriratzea dela, eta, horretarako, EAJk espetxeen gaineko kudeaketaren eskumena eskatzea Espainiako Gobernuari, aurrekontuei babesa ematearen truke. Porteroren esanetan, ETAren agiria "aparatu politikoak" zuzendutako eztabaidaren ondorio da. "Aparatu" horrek presoen hurbiltzea "saldu" die ETAko kideei, Porteroren arabera.